Sanmielak08: Odol emaile eta bolondresak omenaldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:07

Javier Lopez, Izaskun Miner, Manoli Sorondo, Kati Lopez, Carmen Senin, Eugenia Rodriguez, Andrea Revuelta… Odol emaile elkarteko kideak dira. Odol emaile eta bolondresak omenaldian

Odol emaileok noiz elkartu zineten Urnietan?
Javier Lopez:
Zeuden beharrengatik, Donostiako odol emaileak etorri ziren Urnietara, hemen elkarte bat osatu nahian. Bilera zahar egoitzan egin zen. Izena eman genuen eta bost pertsona hasi ginen, 1984an. Udalak asko lagundu zigun eta oso ondo joan zen.

Izaskun Miner: Udaletxean zegoen Ongizate saileko Isidro Fernandez odol emailea zen. Bera izan zen mugitu eta bilera deitu zuena. Kuriositatez joan ginen eta parte hartzeko proposatu zigun. Garai hartan emate saioak hiru hilero egiten genituen, gaur egun bi hilabetean behin.

Urte hauetan guztietan gorabeherarik izan da emaile kopuruan?
I.M.:
Ez dira asko izan, mantendu da. Gutxienez 30 etorri ohi dira. 50 ere izan dira.

Andrea Revuelta: Jende gaztea ere etortzen ari da, odol emaile berriak, eskoletan egin diren emate saioagatik.

I.M.: Gazteria falta da.

Garai batzuetan deialdi bereziak ere egin izan dituzue?
A.R.:
Istripuak gertatzen direnean. Kontxan su artifizalekin edota Uharte-Arakilgo tren istripua kasu, odol emate asko egin behar izan dira.
Halakoetan, jendearen elkartasuna nabari da.

I.M.: Odol emaileen kanpainak bat egin zuen behin gurearekin eta erantzunean nabari da.
J.L.:
Jendeak bultzadatxoa  behar du, borondatea bai baitago. Odol ematera doazenen artean, batzuek gaizki pasatzen dute. Baina parte hartzen jarraitzen dute. Meritua dute.

Zeintzuk dira odol emaile batek bete behar dituen baldintzak?
A.R.:
18 urte beteta izan, 50 kilotik gora pisatu eta osasuntsu egotea. Haiek gero ohiko galderak egiten dituzte; infekzioak baztertu edota odolaren kalitatea ona dela ziurtatzeko. Tentsioa ere neurtzen dute. Gogoratu: piercing edo tatuajeek eta herrialde exotikoetara egindako bidaiek odola ematea eragozten dute. Beraz, emaileak lasai egon daitezela, dena oso kontrolatua baitago.

I.M.: Odola atera ostean, analizatu egiten da ospitalera bidali baino lehen. Gainera, orain bateratu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa odol ematearen gaian.

Horrek zer abantaila ekarri ditu?
A.R.:
Lehen, herrialde bakoitzak bere txartela zuen. Orain, hiru herrialdeetako batean odola eman daiteke eta kasu horietan ere, eman izana zenbatu egiten da.

I.M.: Koordinatzea, odola falta denean norabait eramateko. Bestalde, lehen 65 urte arte eman zitekeen odola. Orain, baita hortik gora ere, osasuntsu egonez gero.

Omendua izango da zuen elkartea. Jendea odola ematera animatu nahiko zenukete?
I.M.:
Odola emateko eta elkartean jende berria sartzeko ere, gaudenok urte asko baitaramatzagu. Ahal dugun neurrian, jarraituko dugu.

A.R.: Sabin Urcelay presidenteak dioen bezala, odola fabrikatu ezin litekeen gauza bakarra da. Beharrezkoa da. Eskerrak kolaboratzaile eta odol emaileei. Haien borondateari esker funtzionatzen du honek guztiak. Eta jendeak odola jaso dezake.

Odola eman edo ez zalantzan egon, eta odola zergatik eman behar duen galdetzen duen horri zer esan?
I.M.:
Kasu askotarako behar da. Edozein ebakuntzarako odol asko behar izaten da. Geroz eta ebakuntza gehiago egiten da. Odola ez da fabrikatzen.

A.R.:
Egunen batean senitarteko bat edo norbera izan liteke odolaren beharrean dagoena. Odola jaso ohi duen pertsona batek esaten dit, odola jasotzen ari denean ia zein pertsona eskuzabalaren odola jasotzen ari ote den. Eta haiei esker bere bizi kalitatea hobetzen da. Boluntarioa eta anonimoa da odola ematea.

J.L.: Osasuna zaintzeko aukera ematen du. Buruko mina izaten dut, eta odola kenduta hobeto sentitzen naiz. Batzuk uste dute, odola kenduta gaixotu zaitezkeela. Baina ez, are gehiago on egiten du, odola berritu eta organismoa garbitzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!