Sanmielak08: Etxeko harrijasotzailerik gazteena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 16:05

Beñat Telleria harrijasotzaile gazteak baserritarren egunerako antolatu den ikuskizunean parte hartuko du. Herri kiroletako zenbait emakumerekin batera, erakustaldi polita ematen saiatuko da.

Beñat Lasartetik Urnietarako bidean, Zelai-Eder etxean bizi den 12 urteko gaztetxoa da. Herri kiroletarako tradizioa handia duen familiaren altzoan jaioa da. Izan ere, Luis Mari aita eta beste bi anaiak -2 urteko Urtzi eta 19 urteko Iraitz- dira harrijasotzaile.

Ez da giro egunotan, telleriatarren etxeko prestalekuan. Beñaten Urnietako saioaz gain, beste bi hitzordu garrantzitsu dituzte zain. Luis Marik Mari Jose Sardon eta Aimar Irigoien harrijasotzaile sonatuak prestatzen ditu, eta bigarrenak irailaren 28rako desafio galanta dauka eginda Izetarekin Tolosan. Urriaren 18an, berriz, aita eta hiru semeak elkarrekin erakustaldia egitekoak dira Lasarte-Orian, “40 ordu euskaraz” jaialdiaren barruan.
Telleriatarren etxean mutil guztiek harri-jasoketarako zaletasuna eduki arren, nork bere bidea eraman du. Luis Mari harri bilaketarekin hasi zen: “auzoan ziren erreka guztiak miatu nituen. Itxurazko forma, luzera… zeukaten harritzarrak ekarri nituen etxera, altxatzeko asmotan”. Iraitz eta Urtziri, berriz, txiki-txikitan, naturalki irten zitzaien aurrean zuten edozer jasotzeko joera. “Sutarako egurrak, Supermerkatuetako detergenteen poteak… dena zen xup! eginez bizkarreratzeko modukoa”, aitortzen du Urtzik. 

Beñatek ere badauka bere istrorio propioa. Inork ezer esan gabe, zazpi urte zituela hasi zen 25 kiloko bola eta 35 kiloko harri zilindroa astintzen. “Aitak anaientzat prestatuta zeuzkan lehendik, eta ondo etorri zitzaizkidan indarrak probatzen hasteko”.
Etxean laugarrengo harrijasotzailea sortzean, amak zer esan ote zuen galdetzen zaionean Beñati, azkar erantzuten du: “ez zen haserretu, eta nahi nuena egiteko esan zidan”.
Beñatek gozatu egiten du harrien artean dabilenean, gero eta harri latzagoak jasotzeko amorruz bezala dago, baina patxadaz ikusten du gauza aitak. “Gustura ari da, baina beldur pixka bat ematen dit. Orain modan jarri da adin txikikoek markak jartzea, eta hori ez da kontua. Ikusia dago, nahiz eta gaztetan sekulakoak egin, gerora berdindu egiten direla mutilak denak. Aimar Irigoienen kasua salbuespena da, 30 urtetik behin sortzen dena”.

Hamar urterekin hasitakoa
Hamar urte beteta hasi zen Beñat erakustaldiak egiten. “Urnieta edo Lasarteko jendeak Santakutzetan Elorria baserrian (Azkorte) antolatzen dituen jaietan, bi urtetan segidan aritu naiz; Urnietako gazteen festan ere hartu dut parte”. Azken saio horretan, adibidez, txundituta utzi zuen ikuslegoa. “75 kiloko harria jaso nuen orduan, zortzi aldiz jaso ere”. 
Pasa den igandean, Mutrikuko Kalbaixo egunean, aritua da azkenekoz. Beloso-Urkiola eta Urtzi anaia-Sardon bikote mistoak lehian jardun ziren, eta berak tarteka erakustaldia egin zuen.
Mutrikun bezala, Urnietan ere Beñatek 43 kiloko kubikoarekin eta 52 eta 75 kiloko zilindroekin egingo du erakustaldia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!