Sanmielak08: Sanmieletako oroitzapenak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 15:58

Gure haurtzaroko jaietako ardatzetariko bat Egape ikastolak zimitorioan jartzen zuen tonbola izaten zen. Hantxe egoten ginen orduak eta orduak. Sasoi hartan petril bat zegoen zimitorioaren plazako alderdian, eta handik, tonbolan gertatzen zenaz gainera, plazan agiturikoaren zuzeneko berri izaten genuen. Hantxe egoten ginen...

Oroitzen naizen beste emankizuna "lutxa librea" izaten zela. Garai hartan Dendaberri etxea (udaletxe ondokoa) nire familiarena zen, eta, horri eskerrak, hango balkoitik primerako ikusmira izaten genuen, apartekoa. Egia esan, adin harekin guztia sinesten genuen, hots, borroka egiazkoa zela iruditzen zitzaigun. Oker ez banabil, Bengoetxea izeneko anaia batzuk ibiltzen ziren, besteak beste, borrokan. Hortaz, gaurko haurrek presing catch ikusten duten bezala, guk hura ikusten genuen...

Musika zela-eta ika-mika izaten zen, edo hori uste dut nik. Euskarazko musika erdi galarazia egoten zen, eta badakizue, zenbaitzuek horixe nahi izaten zuten. Lotuta dantza egindako lehen aldiak ere orduan izan ziren, ikastolan zebiltzan gure lagunekin. A zer-nolako lotsak! Ez ginen gehiegi arrimatzen, badaezpada.

IKURRIN BILA
Idazten ari naizen oroitzapenok Franco hil eta gutxira gertatu ziren. Batzuek trantsizioa deitzen diote garai horri, beste batzuek nahiago dute (eta dugu) tardofrankismoa deitzea, frankismoa ez baitzen Franco hiltzearekin batera bukatu. Sasoi hartan 12-16 urte izango nituen, gutxi gorabehera.

Esan gabe doa, nerabeak izan arren, politikak bazuela bere itzala. Oroitzen naiz pegatina edo gometxen auziaz ere. Bilduma egiten genuen, eta festetan beti ateratzen zuten pegatina berriren bat, eta gu haren atzetik, lortu arte. Berdin zitzaigun zein alderditakoa zen, kontua ikurrinen bat-edo izatea zen.
Damurik, Batallon Vasco Español delakoaz ere hitz egin behar. Bazen halako psikosi bat, ulertzekoa noski. Ez zait inoiz ahaztuko Jose Ramon Ansa andoaindarra hil zuteneko hura. Larramendi ikastolatik ezagutzen genuen eta haren anaia bat gurekin ibiltzen zen. Ez ziren sanmielak erail zutenean, santakruzak baizik (hala uste dut), baina horrelako gertakarien itzala beti iristen zen festetaraino. Urnietan erail zuten, Azkonobietatik gertu. Izan ere, BVEk festetan "lan egiten" izan zuen sarri askotan. Guk ez genuen aparteko arazorik, goiz erretiratzen ginelako eta etxea gertu genuelako.

JAIETARAKO
HOGEI PEZETA
Orduko festen muina plaza izaten zen, beheko kalean, Idiazabal kalean, ezer gutxi egoten baitzen. Izan ere, Urnietan ez zegoen gaur adina taberna, eta musika jartzen zuenik gutxiago. Nolanahi ere den, ez ginen tabernetara asko sartzen... Saltsa guztia plazan izaten zen eta berbenak gaur baino askoz ere garrantzi handiagoa zuen.

Jendetza biltzen zen berbenara, gaur baino askoz gehiago, ezbairik gabe. Ze musika izaten zen? Georgie Dannen "Bailemos el bin bon" eta horrelakoak. Erretira gaur egungo nerabeek baino lehenago egiten genuen, guk behintzat.

Festetako beste eginkizun nagusia txistua jotzea izaten zen guretzat. Justo Egañarekin hasi eta ibiltzen ginen. Niretzat atseginena goizeko diana izaten zen. Txistuaren doinuak, goizean, kaleak isilik daudenean, aparteko zirrara sortzen dit eta zidan. Esan gabe doa ez zela gaurko trafikorik errepidean.

Uniformea ere bagenuen: kaikua. Modan zegoen oso kaikua, zazpi probintzietako armarriekin, gehienak eskuz eginak, geure amek alegia. Ez zeuden bi berdin: guztiak kaikuak, baina guztiak desberdinak. Gero hamaiketakoa izaten genuen, askotan "Zentroan". Gaur Sarobe Arte Eszeniko Gunea dagoen tokian taberna bat zegoen. Ez zen egunero irekitzen, baina bazuen nahiko ospe. Parrokiarena zen.

Aurrekontua ere izaten genuen festetarako orduko nerabeek. Pentsatzen egon naiz, eta uste dut nirea 20 pezeta izaten zirela. Gero, hura bukaturikoan, zintzo ibiliz gero, zerbait gehiago ematen zidaten gurasoek. San Migel egunean edo igandean bazkaria egiten genuen izeba-osabekin, eta hura ere dirua biltzeko aukera ona izaten zen.

Orduko jaiek eta gaurkoek badituzte antzekotasunak eta ezberdintasunak, eta ez dut uste batzuk besteak baino hobeak direnik. Gu aldatu gara!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!