Sanmielak08: Salsa musikaz blai, San Juan plazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 15:57

Salsaren erritmo biziak eta dantzagarriak nabarmenduko dira aurtengo Sanmieletan. Horretarako, Tomakandela elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu, San Juan plazan. Dantza latinoen tailerrak emango dio hasiera ekitaldi sortari, urriko lehen larunbatean. 16:00tan izango da tailerra, eta dantza erakustaldia nahiz perkutsio emanaldia izango dira bertan.

Horiek bukaturik, Fuerza Latina taldeak kontzertua eskainiko du. Kubatik heldutako talde honen emanaldiaren ostean, berriz, afari herrikoiari ekingo zaio; hainbat jaki eta edari kubatarrak dastatzeko aukera izango da bertan. Eta azkenik, salsaren doinupean gaua luzatzeko, Disko Jartzaile ezberdinek girotutako dantzaldia izango da.
Biharamunean, dantza latinoen erakustaldia ikusi eta edatekorik izango da San Juan plazara bertaratzen direnentzat. Hori eguerdian hasi eta arratsaldeko bostak bitarte izango da.

Tomakandela elkarteko Andoni Ruiz eta Andoni Serrano urnietarrak dira ekitaldi horien bultzatzaile nagusiak. Zein baino zein salsa zale amorratuagoa, ahalegin berezia eskatzen duen lana egitera animatu dira.

Bi egun horietan adin guztientzako moduko festa antolatu dela azpimarratu dute. Zenbateko partaidetza espero duten galdetuta, itxaropentsu agertzen da Serrano: “badakigu Gipuzkoako leku askotatik salsa musikazale asko hurbilduko dela. Zailagoa da jakitea, ordea, herritik zenbat izango diren”.  

Kosta egiten da, nonbait, norberaren herrian -are gehiago plazan-, dantzan hastea. “Hori bai, emakumezkoak gizonezkoak baino lehenago irteten dira plazara, oholtzara edo behar den lekura. Saloiko dantzen inguruko akademiak ikusi besterik ez dago: denak daude gizonen beharrean”.

Batez ere gizonek salsa egiteko gogoa eduki arren nola gainditu lotsa hori, ez dela erraza aitortzen du Serranok. “Ni neroni lotsatia nintzen aurreneko garaietan. Baina gehienek ezagutu duten prozesua ezagutu dut nik ere. Akademi batera joan, gustu berbera duen jendea ezagutu, bikote batekin dantzan hasi, denak zuri begira daudela pentsaraztera eramaten zaituen aurrejuzguak uxatu…”.

Salsa zaleak biltzen
Urnietan ospatzekoak diren ekitaldiak, salsaren inguruan leku askotan izaten diren topaketen baitan kokatu behar dira.

Salsa maite eta dantzatzen duten pertsonak biltzeko asmoz, Andoni Serranori webgunea sortzea otu zitzaion. “Ingelesa ikasteko New Yorken egin nuen denboraldi bat. Salsaren bilgune da hura; hango esperientziak ikusi nituen, eta handik salsa zaleak biltzeko zer edo zer eratu behar zela pentsatuz itzuli nintzen”.

Halaxe sortu zuen www.tomakandela.com orain hiru urte. Salsaren aldeko lehen orria, Internet sarean. Dantza mota horren munduan sortzen diren berriak, grabazioak, prentsa artikuluak… biltzen ditu orduz geroztik. Hala ere, giza harremanekin du zerikusia orriaren helbururik garrantzitsuenak: “Salsako dantzariak elkarrekin harremanetan jarri nahi izan zen. Akademiek betetzen dute beren funtzioa, baina nahiko itxiak dira; nork bere dinamika eramaten du besteekin kontakturik eduki gabe. Errealitate hori hausteko jaioa zen foroa, eta alde horretatik, bizpahiru urtetan foroan 380 lagunek parte hartzea lortu da”.
Eztabaida foroari esker, hainbat salsa dantzarien topaketak, dantza saioak, afariak… antolatzen dira egun. Topaketa edo “salsoteka” horietan, “oso giro jatorra sortzen da. Salsak biltzen gaitu, ez gizarte honetan hain ohikoa den parranda egin nahi hutsak. Esan dezakegu ekintza soziala burutzen dugula, salsarekiko pasioak eraginda”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!