Sanmielak08: Martxeli Gorriti, Urnietar prestu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 19a, 15:56

Antonio Gorriti zapatariaren alaba da Martxeli. Ezaguna, serora gisa elizan eta sukaldari bezala ikastolako jangelan egindako lan andanagatik.

Urnietan eta herriaren alde kultura, euskara, gizarte edo oro har, herrigintza alorretan eskuzabaltasunez eta hurkoaren ongi beharrez urteetan egindako lana saritu eta eskertzea. Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak aurten sortutako Urnieta Prestu ohorezko izendapen berriaren helburu nagusia da.
Estraineko izendapena, Martxeli Gorriti urnietarrak jasoko du datorren irailaren 28an, Iñistorra Jaiaren bigarren edizioan, bertso saioa amaitu eta gero. Antolatzaileek Elizan hiru hamarkadetan zehar soldatarik gabe egindako lana goraipatu nahi dute. Kanpaiak jo, eliza garbitu edota apaizen meza-jantziez arduratzea, haren zereginetako batzuk izan ohi ziren. Hango lanak uzterako Egape ikastolako jangelan lan egiten hasi zen. Batzuetan laguntza eskatu behar izaten zuen arren, Eliz-Ondo Zinearen lokaletan sukaldari, zerbitzari eta garbitzaile lanak bere gain hartzen zituen. Urte luzez bakarrik eta isilpean lan egin duen urnietarra omentzea, hala erabaki zen irailaren hamarrean zortzi kidez osaturiko epaimahaiak burutu zuen bilkuran. Eta aho batez, hainbat proposamen jaso, aztertu eta eztabaidatu ostean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurrerantzean ere, Urnietan baina baita Gipuzkoa eta Euskal Herri mailan alor desberdinetan egindakoak ere sarigarri izango dira, beti ere omendua urnietarra baldin bada. Hala dio, udaberriaz geroztik Iñistorra Biltzarra prestatzen aritu den araudiak. 

ZAPIA ETA AGIRIA
Urnietako armarria daraman sorbaldetatik behera janzteko zapi dotorea jasoko du Martxeli Gorritik, merezitako omenaldi ekitaldian. Baita izendapenaren berri ematen duen agiri bat ere.

ELKARRIZKETA 

Lan handia egindakoa zara, serora gisa adibidez. Zeregin horretan nola hasi zinen?
Martxeli Gorriti:
Nire amona eta ama serorak izan ziren, nire aitaren anaia sakristaua zen. Hortik datorkigu. Nire aurretik 34 urteko ahizpa zen amaren atzetik serora izan behar zuena. Baina hura gazterik hil zen eta ni geratu nintzen. Etxean lehiotxo bat genuen, sokatik tira eta kanpaiak jotzen genituen. Elizako dorrera ere igotzen ginen.

Beraz, belaunaldiz belaunaldiko kontua da?
M.G.:
Nik ez nuen hortik ezer kobratzen. Ez naiz oroitzen zenbat urte egin nituen Elizan, baina gero sukaldari lanetan hasi nintzen ikastolan. Hortik etortzen zen dirua, lau seme-alaba nituen, gizonak Andoainen lan egiten zuen. Aurrera atera behar.

Zuei esker, kanpai mota desberdinak entzun zitezkeen?
M.G.:
Angelusa hamabietan jotzen genuen, edo norbait hiltzen zenean. Sua izaten bazen, kanpaia jotzen iragartzen genuen. Apaiza etxeren batera elizakoak ematera joaten zenean, guk jotzen genituen kanpaiak. Bakoitza zegokion orduan.

Eliza barrua garbi mantentzea, ere zeure lana izaten zen?
M.G.:
Lehengo aldean, igualeko txukuna egoten da eliza, distira handiarekin. Elizak behar zuen jendea, orain joaten den bezala. Lan horiek lehen nik bakarrik egiten nituen. Bataioa baldin bazen, adio esan behar igande arratsaldeko irteerari, hiletarik baldin bazen ere han egon beharra. Oso lotua nengoen elizarekin. Alabek laguntzen zidaten.  

Elizako oso ekitaldi anitzen lekuko zuzena izan zara?
M.G.: 
Lehenago gogorra zen Eliza. Garai bateko erlijioa, beste kontu bat zen. Orain ez lukete kaletik errezatzen joateko prozesio bat antolatuko. Asko galdu da.

Serora lana ere ia galtzear da?
M.G.: 
Bat edo beste kenduta, ez dago. San Jose kofradiak nik kobratzen nituen, diru biltzera ere etxez etxe joaten nintzen. Orain baino sasoi hobea nuen orduan. Nirekin behinik behin Urnietako baserritarrak oso lehialak ziren.

Nola ikusten duzu gaur egungo Eliza eta fedea?
M.G.:
Lehengoko konturik ez. Orain gaztea ez da joaten hainbeste Elizara. Gaztetan goizeko seiretan joanda nago mezetara. Ez nuen huts egiten. Orain askoz errazago utziko nion Elizara joateari.

Serora izateari utzi eta ikastolako jangelara. Hango lan guztia ere zeure esku?
M.G.: 
Oso goiz joaten nintzen hara, oso goiz egin behar izaten bainuen bazkaria. Seitan jaiki, etxean eskailera garbitzea egokitzen zenean, lan horiek egin eta gero lanera. Laguntzailea 11:30etan etortzen zen lanera. Berarekin askoz errazago lan egiten nituen.

Gogoratzen al duzu zer nolako menuak prestatzen zenituen?
M.G.:
Oraindik ere egiten omen dute. Venezuelan bizi zen ahizpa zenak hizketan hasita, espagetiak egiteko esaten zidan. Oso gogokoak zituzten haurrek. Baita nik egindako natillak ere, denak zoragarriak zirela. Niri ez zitzaidan hala iruditzen baina… Gustukoa nuen sukaldean aritzea.

Sukaldean baina baita zerbitzatzen ere?
M.G.:
  Pazientzia behar da haurrekin. Berdura ez dutela nahi, hola kendukoizuet pixkat bat eta kentzen nien itxura egiten nuen. Nolabait engainatzen nituen.

Zuk jaten emandako haur bat baino gehiago gurutzatuko duzu orain?
M.G.:
  Makina bat ume, urte asko egin bainituen. Baina orain ez ditut ezagutzen. Adio Martxeli! esaten nautenean, nor diren galdetzen diet.

Ikastolen sorrera oso gertutik bizi izan duzu?
M.G.:
Lau seme-alaba ditut. Bi monjetan hezi dira, orduan ez baitzegoen ikastolarik. Ikastola ireki zutenean beste biak han joan ziren. Oso pozik nengoen eta haiek oso gustura joaten ziren.

Urnietar prestu gisa izendatuko zaituzte. Zer iruditzen zaizu?
M.G.:
Oso urduri nago. Poz handia dut, jendea niretzat nola gogoratu den ikusita. Horixe dut pozik handiena eta eskertzekoa da, ez bainuen espero inor nitaz gogoratzea. Lana egin dut, ziur dakit lan egin dudala. Beste askok egingo zuten, baina ez nik bezala; Donostian Bretxan fruta dendan, Elizan, ikastolan. Behar baino beranduago jubilatu nintzen. Egia esango dizut, lana franko egin dut baina orain oso lasai bizi naiz horrekin.


II. Iñistor Jaia

12:00 Kantu kalejira.
14:00 Herri bazkaria San Juan plazan.
16:00 Bertso saioa.
17:00 Urnietar prestu izendapena.
17:30 II. Mikeldeun Mus Txapelketa.
18:00 II. Iñistorra Toka Txapelketa.
Irailak 28, igandea

Oharra: Bazkaritarako txartelak salgai daude dagoeneko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!