Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuari alegazioak aurkezteko aukera dago, hirugarrenez. Hala erabaki zuten udal ordezkariek ezohiko osoko bilkuran, pasa den irailaren 3an. Euskara izan zen, epe berri bat irekitzeko arrazoia, dokumentua hizkuntza bakarrean, erdaraz, idatzia baitago.
Udal ordezkariek hartutako erabakia pasa den irailaren 11n argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Egun hartatik zenbatzen hasita, hilabeteko epea dago orain alegazioak aurkeztu nahi dituenak, egin beharreko tramitazioa burutzeko. Eskaerak udaletxean aurkez daitezke. Ordutegia honakoa da: astelehenetik ostiralera, goizez 10:00-13:00 artean eta arratsaldez, 17:00-19:00 artean.
Hilabeteko epea agortuta, aurkeztu diren alegazioak aintzakotzat hartu edo ez aztertuko dute, dokumentua behin betirako onartu baino lehen.