Mintzola, ahozkotasunaren habia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 19:03

Villabonako Mintzola etxean ari da lanean Euskal herriko bertsozale elkartea

Martxan da Mintzola egitasmoa Villabonan. EHBEko kideak lanean ari dira bertan. Estibalitz Esteibar, komunikazio eragileak elkartearen inguruan hitz egin du.

1987 urtean sortu zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartea (EHBE) eta urtez urte egituratzen joan da. Bertsozale Elkarteak sei elkarte ditu bere baitan: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Iparraldea eta Euskal Herrikoa. Elkarte bakoitzak bere egitura eta proiektu propioa du eta Euskal Herri mailako egitasmoak modu bateratuan lantzen dira. Orain hilabete, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideak Amasa-Villabonako Mintzola etxean kokatu dira.
Elkartearen egitekoa, bertsolaritza jasotzea, zabaltzea eta geroratzea da. Elkartea sortu aurretik, ez zegoen inolako egiturarik kultur adierazpide horren inguruan eta “bertsolari nahiz bertsozaleen ekimenez sortu zen elkartea”, argitu du Esteibarrek. Egun, bertsolari, bertsozale zein kultur proiektu horretan sinesten duten guztiak biltzen ditu.

Hiru adarreko zikloa
Hiru adar nagusitan egituratuta dago Elkartea eta sail horiei esker osatzen da bertsolaritzaren osasuna zaintzea lortzen duen zikloa.
  1. Transmisioa: Bertsolaritza belaunaldiz belaunaldi transmititzeaz arduratzen da. Hezkuntza arautuan bertsolaritza irakastea eta bertso eskoletan laguntzea da funtzio nagusia, material didaktikoa argitaratuz, bertso udalekuak antolatuz…
  2. Sustapen saila: Ekintzak antolatuz, bertsolaritza gizarteratu eta bere presentzia bermatzea da sail honen helburua. Txapelketak antolatzeaz, Hitzetik Hortzera telebista saioaren edukia eta formatua diseinatzeaz, bertsoplaza.tv webguneaz, Bertso Egunaz, telebista nahiz bestelako komunikabideekin harremanez…, arduratzen da.
  3. Ikerkuntza saila:  Bertsolaritzaren gaineko azterketa lerroak definitu eta ikerketak bideratzea da sail honen egitekoa.
Ikerkuntza sailaren baitan, Xenpelar Dokumentazio Zentroa dago. Bertsolaritzari buruzko informazio guztia, argitalpenak, argazkiak, audioak, irudiak…, jasotzen dira bertan, gero horren gainean ikerketak egin ahal izateko.

Antiguatik Villabonara
Fase ezberdinak izan ditu EHBEk. Lehen eta azken egoitza Antiguan izan zuten, Donostiako udaletxeak utzita. Elkarteak egoitza propiorik ez daukanez, beti batetik bestera ibili direla azaldu du Estibalitzek. “Antiguan uztaila bitartean egon ginen, AEK euskaltegikoekin batera bulegoak eta bilera-gelak konpartitzen. Gure lanerako nahiko baliabide urriak ziren, koordinazio mailan arazo handiak genituen. Xenpelar Zentroa Donostiako Alde Zaharrean zegoen, Abuztuaren 31 kalean, Kutxak utzitako egoitza batean eta, jada, ez zegoen espaziorik ez materialik artxibatzeko, ezta zerbitzu duinik eskaintzeko ere”. Komunikazio eragilearen hitzetan, aspaldidanik zetorren arazoa eta 2003an, ahozko inprobisazioari buruzko Kultur Arteko Topaketak antolatu zirenean hasi ziren Foru Aldundiarekin harremanak. “Egitasmoak aurrera eramateko egoitza egokirik eza adierazi zitzaien”. Modu horretan, Donostiatik gertu, baliagarriak izan zitezkeen egoitzak begiratzen hasi eta halako batean, Villabonako garai bateko Subijana etxea proposatu zuen Aldundiak. “2003-2004 urtea zen eta Bakartxo Tejeria zegoen alkate. Udalari interesgarria iruditu zitzaion egitasmoa eta baiezkoa eman zuten. Badakigu Foru Aldundia Bertsozale Elkartearekin ez ezik, beste hainbat kultur talderekin ere harremanetan ibili zela”. Oraindik egokitze fasean daude EHBEko kideak baina, dagoeneko Villabonan kokatuta. “Oso pozik eta esker oneko gaude, Villabonako Udalak eta Foru Aldundiak izan duten jarrerarekin. Guretzat izugarria izan da”. Villabonako Udalak egoitza jarri du eta Foru Aldundia egokitzapen guztiaz arduratu da.

IÑAKI MURUAREKIN SOLASEAN
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariak euren helburuez eta bilgune berriaren inguruan hitz egin du.

EHBE egoitza bakarrean bildu zarete berriki…
Gure helburua bertsolaritza garatu, sakondu, iraun eta gustura bizitzeko egoeran jartzea da. Mintzolak bere funtzionamendu propioa izango du aurrerantzean. Bere fundazio eta aginte organoen menpe egongo da eta Bertsozale Elkarteak, egoitza hau izango du printzipioz. Gu, bertsolaritzaren ikuspegitik, Mintzolari egin diezazkiokegun ekarpen guztiak egiteko prest gaude. Noski, gure ildoari eutsiz, energia mugatuko elkartea baikara eta gure bertsolari gazteak eta etorkizuneko proiekzioan daudenak bertsolaritzaren inguruan jardutea komeni baitzaigu. Ahozkotasunaren zaku zabal horretan esku hartu behar dugula uste dut eta horretan ahaleginduko gara.
Bertsozale Elkarteak bere bidea jarraitu behar du bere helburuekin, bere ildoarekin eta bere zereginekin.

Hainbat villabonatar eta eskualdeko herritar Mintzola zer ote den jakiteko irrika biziz dabil. Zer esango zenieke?
Batetik, ateak irekita daudela; nahi dutenean etorri, ikusi eta hemen dagoen jendearekin kontuak esateko. Beraien kezkak eta proposamenak entzuteko gogoa ere badugu. Ekar ditzatela dauzkaten bertso, dokumentu eta kartel zaharrak. Hemen bizi guztirako txukun jasota geratuko dira. Ez dugu hau parakaidasarekin hemen montatutako txiringitoa izaterik nahi. Bestalde, Villabonan gaudela eta, Villabonan egotea, guretzat ez dela mundura begira egotearekin borrokan dagoen zerbait. Hemendik mundura joan nahi dugula baina mundukoa hona ekarri ere bai. Villabonari eta inguruko bailarari bertsolaritzatik eta bertsogintzatik eskain diezaiekeguna eskaini nahi diegu. Ekintza batzuk bazkideei zuzenduak izango dira tarteka baina, inaugurazio ekitalditik hasita, herritarrei eta bertako mugimenduari irekia eta hurbilekoa izatea nahiko genuke.
 
Asmo berririk aipatu nahi?
Agian egon litezke beste kultur talde batzuk, beste dinamika batzuk orain bertsolaritza eta bertsogintzarekin inongo uztartzerik ikusten ez dioguna. Esaterako, garai batean, trikipoteoa ez zen ikusten eta gaur leku guztietan egiten da. Azkenekoa jazz-a eta bertsoa uztartzea izan da. Esperimentatu egin behar dugu; funtzionatzen duenak iraungo du eta herriak edo plazak eskatzen ez duena bertan behera geratuko da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!