Herriko iragana egunera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:55

Euskal Herriko historia ikasteko asmoz, duela hiruzpalau urte hasi ziren biltzen hainbat herritar Amasa-Villabonan.

Zizurkilen ere taldea sortzea posible zela konturatu zirenean jarri zuten abian Teodoro Hernandorena kultur taldea.
“Zizurkil herriaren historia eta etnografia aztertu, ezagutu eta bereziki, ezagutaraztea da taldearen helburua”. Hamabostean behin biltzen da taldea; Zizurkil Goian eta Behean, txandaka. Taldea guztiz irekia da eta bileretara etortzeko deia egin dute kideek, “etnografia eta historia aztertzea gogoko duten pertsona guztiei egiten diegu deia eta, batez ere, jende gazteari”. Asteazkenetan egiten dituzte bilerak, 19:30etan. “Hileko bigarren asteazkenean Iriarte etxean biltzen gara eta laugarrenean, Atxulondon”. Azken horretan, Elbarrenako garapen industriala aztertzen ari dira. Iriarten, berriz, herriko historia ezagutzeko azterketa egiten dute, Udal artxiboko aktak miatuz batik bat. “Dagoeneko gai-zerrenda luzea osatuta daukagu eta pixkanaka helduko diegu gaiei”. Gaia landutakoan, Sustraiak izeneko bi hilabetekaria argitara eman eta herritarrei zuzentzen diete. “Udaleko kultur sailaren aldetik jarrera ona jaso dugu eta poliki-poliki hobea izatea espero dugu”. Ideia mordoa dute eta aspertu arte lanean jarraitzeko asmoa ere bai.

Sustraiak, argitalpena
Zizurkilgo historia eta etnografia ezagutzeko, argitalpen txukuna da Sustraiak.  Irailean kaleratu zen 0 zenbakia. “Gainaldean Donemiliagatarren dorrearen irudia ateratzen denean, argitalpenak historiaren inguruan hitz egingo du. Eguzki-lorearen irudia kaleratzen denean, berriz, etnografiaz edo kulturaz”. Herritarrei begira eginiko planteamendua da, ez historialariei edo teknikoei begira. “Erraz irakurtzeko argitalpena egin nahi izan dugu, jendea erakartzeko modukoa”. Epe laburrean, Udalaren www.zizurkilenbarrena.com gunean, argitalpena irakurtzeko aukera izango da. “Gure egitasmoaren azalpenarekin batera, ale guztiak zintzilikatu nahi dira”. Aurrera begirako asmo ugari dute; besteak beste, herritarrengana jo eta gai zehatzen inguruan elkarrizketak egitekoa. Bailaren gaia aztertzea ere pentsatzen dute eta, bereziki, garai bateko izendegia berreskuratu eta praktikan jartzea. Baita errotulazioak ipintzea ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!