Oinez ibiltzearen onurak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:53

Julia Iguaran Jauregi Karidade etxean jaio zen 1926 urtean. Aiurrik Zizurkilen duen bulegoaren aurretik, arratsalde askotan igarotzen da pasiora joateko.

Garaiko belaunaldi osoari bezala, haur eta gaztetxotan, oinez ibiltzea egokitu zitzaion Juliari ere, “automobilik ez zegoelako. Gustura ibiliko ginen kotxean bestela, ez pentsa”. Gaur 82 urte ditu eta ia egunero, lagunekin batera, arin-arin ateratzen da buelta ematera. “Ahal dugun guztietan joaten gara oinez ibiltzera. Eguzki handia egiten duenean, itzalaren bila, Galardi aldera; gainerakoan, Villabonako sarreraraino joaten gara. Euri asko egiten duenean, berriz, etxe azpiko garajean biltzen gara hizketarako”. Oinez ibiltzea gustuko izanagatik, osasuna zaintzeko, buelta obligazioz ere egiten duela aitortu du, “geldirik egonez gero, hezurrak gogortu egiten dira eta samurtzeko, ona da oinez ibiltzea”. Joan baino gusturago etortzen omen dira bueltan. “Paseoaren ondoren, deskafeinatua hartzen dugu auzoko tabernan. Gasolina hartuta bueltatzen gara etxera, badaezpada. Tabernan herriko kontuez edo bestelako gertaerez hitz egiten dugu eta telebistaz ere bai. Asko hitz egiten dugu telebistako saioez”. Oinez ibiltzea bezala, lagunen artean hizketan aritzea osasungarria baita.

Pilotazale amorratua
Telebistako saioen artean, besteak beste, kirola gogoko du. Kirolen artean, berriz, pilota nagusi. “Oso gustuko dut pilota. Pilotarien artean asko gustatzen zait Titin, gehienetan berak irabazten du eta!”. Martinez de Irujo, Olaizola bi anaiak eta Lasa ere oso gogoko dituela azaldu du. Baita pilotari gazteagoak ere. “Partida asko ikusten dut, baina batzuk berandu izaten dira eta denak ez ditut osorik ikusten”. Futbolak, ordea, ez du horrenbeste erakartzen. “Kirolen artean futbolak du famarik handiena baina, gustatu egin behar da.  Ostikoka jarrita, niri ez zait batere gustatzen”.

Urkamendira, pozik
Goizean goiz jaikitzen da Julia, “gaur ere 06:30etarako jaiki naiz. Aspertu egiten naiz bestela ohean”. Goizean etxeko martxa egiten du eta arratsaldean biltzen da lagunartera, “jaikitzen naizenean etxeko lanak egiten ditut. Aurrena, dendara joaten naiz. Otordua prestatu eta etxea txukuntzen dut gero”. Oheratu berriz, 22:30ak aldera, “orain lehentxeago, azkarrago iluntzen du eta”. Medikuak aginduta dieta egiten du eta jakiak neurtzea batere erraza ez dela azaldu du, “saiatzen naiz paperean jartzen duena egiten baina, oso gutxi jartzen du eta goserik geratzen naiz batzuetan”. Elikadura zaintzea ezinbestekoa da, noski; baina, tarteka, gutizia txiki batzuk ere beharrezkoak dira. “Nirez, gozozalea izan naiz beti. Orain oso tarteka jaten dut gozoa. Garai batean bazkaldu eta ontza bat txokolate jan behar izaten nuen erremediorik gabe. Bestela ez zitzaidan bazkaldu nuenik iruditzen. Orain oso-oso tarteka jaten dut eta gehiagoren inbidiatan geratzen naiz”. Familiarekin batera elkartera joatea gustatzen zaio Juliari. “Oso gustura joaten naiz Urkamendira. Seme-alabek elkartera joateko prestatzeko esaten didatenean, lehendabizikoan aditzen dut hori. Astean zehar ura edaten dut beti eta elkartera joatean, ardo tragoxka egitea gustatzen zait tarteka”.

Gazte garaiko oroitzapenak
Karidade etxean jaio zen Julia, bertsolaritzarekin lotuta, Zizurkilen nahiz inguruko herrietan sona handia izan zuen etxean. Bertsolaria ez izanagatik, zalantzarik gabe, etorri handiko hizlaria da. Eskola, lana nahiz ohitura ezberdinak gogoan, gazte garaiko hainbat pasadizo eta oroitzapenen inguruan hitz egin du. Aldizkariaren hurrengo zenbakietan emango da pasarte horien berri.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!