Irrintzi elkarteak, urtebete gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:50

Joan zen irailaren 13an, XIII. Azoka berezia antolatu zuen Irrintzi elkarteak. Aukera zabala eskaini zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako 30etik gora saltzailek.

Azokarekin batera, ohi denez, XIII. Isats gisatuen lehiaketa egin zen. Zizurkilgo Ibaiertz elkartea izan zen garaile, Amasako Uxo Toki bigarren eta Villabonako Irrintzi hirugarren. Irrintzi elkarteko kideek, sariketa sortu zenetik epaimahaiak egin duen lana eskertu nahi du, “ Zuloaga Txikiko Iñaki Etxeberria, Iturri Goxoko Jokin Zabala, Saustako Mikel Zuaznabar eta Txapelduneko Jorge Costa sukaldariek epaimahaikide moduan eginiko lana eskertzekoa da”. Villabonako Udalari ere eskerrak eman nahi dizkie, azokako antolakuntzan laguntzeaz gain, lehiaketako sariak eskaintzeagatik.

Irailaren 20an, urteurrena
Aurten, XXVII. urteurrena beteko du Irrintzi elkarteak. Irailaren 20an, ospakizun afaria egingo dute bazkideek, “lehen azokaren egun berean egiten genuen afaria baina, lan dezente pilatzen zenez, astebete atzeratzea erabaki genuen”. Zuzendaritza berria ari da antolaketa lanetan; izan ere, joan zen otsailaz geroztik, zuzendaritza batzorde berria du Irrintzi elkarteak. Imanol Rodriguez da egungo lehendakaria, Eugenio Herrero, berriz, lehendakari-ordea. Batzordeko gainerako kideak: Rafa Buitron, Angel Mendez, Toño Gomez, Estanis Jauregi, Rafa Gonzalez, Pello Zuriarrain, Benito Castro eta Fernando Irazusta dira. Egun 115 bazkide ditu elkarteak eta lehendakariak azaldu duenez, beste bostentzako lekua legoke. “Inork bazkide egin nahiko balu, elkartera etortzea besterik ez luke. Astelehen iluntzetan biltzen gara batzordeko kideak”. Aurrera begirako helburuen artean, berriro ere txirrindulari eskola abian jartzea gustatuko litzaieke hainbat batzordekideri. “Ondo aztertu beharreko gaia da baina, gutako asko handik gatoz eta gustatuko litzaiguke berriro eskola martxan jartzea”.

Garagardo azoka, arrakastatsua
Urtean zehar herriari begira antolatzen duten ekintzarik garrantzitsuena, Garagardo azoka da, zalantzarik gabe. “Inguruko herrietako azokek jaitsiera izan zutela ikusita, beldur pixka bat bagenuen hasieran. Baina oso harrera ona izan zuen azokak, gustura geratu ginen jendearen erantzunarekin”. Elkarteko bazkideek izugarrizko lana egiten dute azoka abian jartzen, “ez irauten duen lau egunetan bakarrik. Denbora dezente lehenago hasten gara guztia antolatzen eta abuztuan amaitzen da karpak desmuntatzen. Izan ere, jaietako hainbat ekintza gauzatzeko zutik uzten baitira ordura arte”. Agustin Laskurain eta aurreko batzordekideak azokaren ardatz nagusia direla azpimarratu du Rodriguezek, “urtetako esperientzia dute euren gainean eta oraindik ere, haiek direla pisu nagusia hartzen dutenak. Ikusten ez den lan asko egiten da. Azokak itxita dirudienean, goizeko 06:00etarako hasten dira barruan ukondoak prestatzen. Besteak beste, Iñaki Guridi eta Carlos Calvo”.

Merkatarien I. Azoka
Oria merkatal elkarteak I. Azoka berezia antolatu zuen joan zen irailaren 14an Villabonako Errebote plazan. Mari Jose Irazusta elkarteko lehendakariordeak adierazi zuenez, 11merkatarik hartu zuen parte eta mugimendu polita sortu zen. “Oso pozik geratu gara herritarren erantzunarekin”. Irailaren 17an erakusleiho ikastaroarekin hasiko dira eta aurrerago informatikakoa egin nahi dute.

Irrintzik nahiz Oriak antolatutako Azoken argazkiak aiurri.com gunean ikusgai.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!