“Erramuta” pieza alaia, Sorabillarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:36

Aitor Mendiluze ez ezik, Juan Bautista Barandiaran ere goratu zuten Sorabillako auzotarrek, pasa diren jaietan. Arrazoia, auzoari eskaini dion “Erramuta” abestia.

Andoaingo Udal Musika Bandak kontzertua eman zuen auzo horretan igandean, eta besteak beste, “Erramuta”  izenburuko pieza jo zuen estraineko aldiz. Jai egitarauak ez zuen halakorik aipatzen, eta ezusteko pozgarria izan zen bildu zen jendetzarentzat. Abestia biribilketa alaia da, lehen aditu aldian ezpainetan geratzen den horietakoa.
Abestia bukatu ostean, auzotarrek Sorabilla udalerri izan zeneko zigilu ofiziala daraman domina oparitu zioten Barandiarani, txaloen artean.
Hunkigarria egin zitzaion bandaren eskutik bere sormena entzutea. “Buruan neukan kantaren soinua; hala ere, beste zerbait izan zen bandak zuzenean jo zuenean, eta jo zuen musika tresnekin gainera...”.

Musika sortzaile
Marrazketa eta arrantzaz gain, musika da Barandiaranen hirugarren zaletasuna. Musika piezak konposatzen ditu tarteka, eta horietako bat eskaini dio Sorabillako auzoari oraingoan. Nolako egoeratan sortu duen aitortu zuen: “Arrantzan ari nintzela edo arrantzatik etxerako bidean Leitzarandik, pozik osatutakoa da”.
Zergatik hautatu duen Erramueta baserria galdetuz gero, begiraleku gisa tokiak daukan indarra aipatzen du Barandiaranek: “Altueran dago, Sorabillan. Handik, Andoain, Aizkorri edo Adarra mendiak eta  Oria eta Leitzaran ibaiak ikusten dira”.
Barandiaranen ustez, “letrak ematen dio zentzua musikari. Hura alaia bada, hau ere hala izango da”. Letraren muina, berriz, nahiko xaloa dela aitortzen du. Hori bai, aldarrikapen txikiren bat dakar azkenean:  “Azpimarratu nahi da Erramueta Sorabillakoa bai, baina andoaindarra dela aldi berean. Izan ere, Sorabilla udalerri izan bazen ere iraganean, orain egin behar du herriaren alde”.

'Erramuta'
Sorabillako Erramutatik
ikusten da Andoain herria,
Aitzkorriko ta Adarrako mendik,
Oria ta Leitzaran ibaiak.
Agur, Agur,
herri maite.
Agur, agur,
andoaindarrei,
agur, agur,
agur beti,
agur herri maitagarri
Laran, laran, larai…
Sorabillako Erramuta da,
Sorabillako baserri bat da,
andoaindarra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!