Matias Jauregi, txoria baino arinago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:26

Azken urteetan ohitu gara errepideetako lasterketetan adineko pertsonak ikustera. Harrigarriagoa egiten da, hala ere, mendi krosetan halako inor ikusterik. 65 urteko Matias Jauregi Munain da bakan horietako bat. 

Urtean zehar zenbat lasterketa egiten dituzu?
Matias Jauregi:
Ez gehiegi. Behobia-Donostia, Santakutzak, Hernaniko Axeri Bila, Hiru Hondatzak, Lasarte, Villabonako urte zaharrekoa… Horiek denak errepidean. Mendikoak, berriz, Buruntza, Goiburu eta Belkoain. Gehiagotan aterako nintzateke, mendikoetan bereziki, baina bakarrik ez naiz animatzen; laguna edukiz gero errazagoa litzateke…

Behobia famatua behin ere ez omen duzu galdu.
M. J.:
Ez, batean huts egin nuen, hara: justu bezperan, lunbagoak eman zidan! Ni beti denbora beretsuan ibiltzen naiz, 1:37 eta 1:40 bitarte. Aurten ere ez naiz urruti ibiliko.

Zu gaztetatik korrika ibilia izango zara...
M. J.: 
Bai zera! Ni berez korrika-korrika oso berandu hasi nintzen, 49 urte nituela, Behobia-Donostiaren aitzakitan. Noizbait erabaki eta andreak “Orain hasi? Txoratu egin al zera?” esan zidala, gogoan daukat. Gaztetan, korrikarako joera izango nuen, baina garai haietan ez nintzen lasterka ibiltzen. Goiburuko Txertueta baserrian bizi nintzenean, lanera-eta berandu iristen nintzen, azkeneko orduan, korrika eta presaka. 10 litro esneko marmita hartu eta, harekin goitik behera, “Bar Inazio”-n utzi behar izaten nuen. Bizilagunek “hi beti korrika!”, esaten zidaten.

Eta nolaz ez hasi lehenago?
M. J.:
Nik gogoa beti izan dut, baina ez dakit… Beharbada garai batean ez zegoelako ohitura hori. Galtza motzetan jarri eta lasterka egiten ikusiz gero, “hau txoratu zaigu”, igual esango zizuten atzetik. Gogoan dut aurreneko garaitan nola hasi nintzen entrenatzen: galtza luzeekin, lotsa ematen zidan eta.

Non entrenatzen zara?
M. J.:
Hernani aldera edo Leitzaran aldera, Olloki edo Inttuira jotzen dut. Gainontzean, mendi ibilaldi luzeak egiten ditut maiz koadrilarekin; lehen gehiago, hala ere, Larrea zenak besteak mugitzen gintuenean.  

Non nahiago, mendian ala errepidean?
M. J.:
Gutxiago sufritzen da errepidean, noski. Goiburuko malkar krosean, esate batera, latza egiten da gorako bidea. Gero behera jo behar denean, goitik behera ez.

Zure adinekorik apenas ateratzen den malkarra duten krosetan. Zergatik ote?
M. J.:
68 urteko xahar bat ateratzen da, baina egia da ia bakarra izango naizela. Gero eta hobeto prestatuta datozen gaztez inguratuta ikusten naizenean, ¨nik hemen zer pintatzen dut” esaten dut nire artean.

Eta zergatik ez dute parte hartzen, bada?
M. J.:
Aldapei izango die beldur. Bihotzak gorakoan eta belaunek beherakoan, asko sufritzen baitute. Nahiago izango dute horiek ttapa-ttapa erritmo berean beti, errepideko zelaian ibili.

Lasterketatik erretiratzea burutik pasa al zaizu?
M. J.:
Andreak galdetzen dit tarteka “baina noiz arte segi behar duzu?”. Zergatik utzi? Nahiz malkarretan gora sufritu, gero arin-arin jaisten naiz. Ez dago lasterka gustura ibili eta bukatu ondorengo satisfazioa baino gauza ederragorik!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!