Haur zaintza zerbitzu berria, zabalik goizero

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:24

Goizean goiz lanera joan behar duten guraso asteasuarrek irtenbide berria izango dute ikasturte honetan. Irailaren 29tik aurrera, goizeko 07:45etan zabalduko dira eskolako ateak.

Guraso elkartearen ekimenez, zerbitzu berria eskainiko zaie aurten Pello Errota eskolako ikasle eta gurasoei. Izaskun Zubiri guraso elkarteko kidea da eta hark eman ditu haur zaintza zerbitzuaren nondik norakoak: “Iaz hasi ginen zerbitzu hau eskaini ahal izateko lehen bilerak egiten. Guraso gutxi animatu zenez, oso garesti ateratzen zen eta gurasoek nahiago izan zuten beste moduren batean antolatu. Aurten berriz, Udalaren laguntza jaso dugu eta horrek zerbitzua martxan jartzera animatu gaitu. Goizeko 07:45etan haurrak uzteko aukera izango da eta eskolan sartzeko ordua iritsi arte bertan egongo dira, hezitzaileen zaintzapean”.
Auzolagun enpresako kideek izango dute haurren zaintzaren ardura. “Beraiek dute eskolako jangelaren ardura eta goizeko zerbitzua ere haiek eskainiko dute. Pello Errota eskolak, bere aldetik, gela bat jarriko du goizeko zerbitzua eskaini ahal izateko. Eskolako ordutegitik kanpora dagoen zerbitzua izanik, ez da arazorik egongo alde horretatik”, azaldu du Izaskunek.

60 euro hilabetean
Beharren arabera, prezio ezberdinak izango ditu haur zaintza zerbitzuak: “Haurrak ordu eta erdiz edukitzeko, eguneko 5 euro ordaindu beharko da eta ordubeteko zerbitzuagatik 3 euro. Haurrak egunero utzi behar dituztenek, gehienez 60 euro ordainduko dute. Aurtengoa lehen urtea denez, haurrak noizean behin ekartzeko aukera zabalik utziko dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!