Egun pasa ederra egiteko aukera igandeko Azoka berezian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 18:17

Berrogeita hamar postu jarriko dira Asteasuko herrigunean eta iluntzera arte hainbat ekitaldi izango da gozagarri.

Goizean goiz hasiko da mugimendua Asteasun, izan ere, 10:00etarako guztia prest eduki beharko baitute azokari hasiera eman ahal izateko. Lamiategiko belazean jarriko dute ganadua; artisauen eta elikagaien postuak berriz, plazan eta pilotalekuan kokatuko  dituzte.
11:30etan esne behien erakustaldia egingo da Lamiategiko belazeetan bertan. Albaitari batek azalduko ditu behi bakoitzaren ezaugarri nagusiak, hala nola, gorpuzkera, egunean ekoizten duen esne kopurua...

Postu onenei saria
Ondoren, bi ekitaldi nagusi izango dira. Batetik, azken urteotan ere egin izan den perritxiko saskien lehiaketa eta bestetik, postu onenen sariketa. Horixe izango da aurtengo azokaren berrikuntza nagusia. Bi sari banatuko dira, bat artisauen artean, eta bestea elikagai postuen artean.
Zanpantzarrak eta trikitilariak azokagunean ibiliko dira goiz osoan zehar eta taloak dastatzeko aukera ere izango da azokagunean jarriko den tabernan.
Arratsaldean ere azokako postuak ikusteko aukera izango da, iluntzera arte. 18:00etan, gainera, ikusmin handia pizten duen ardi txakur lehiaketari ekingo zaio. Egun borobila pasatzeko aukera beraz, Asteasun irailaren 21ean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!