Larraulgo eskola bizirik

Iragana gogoratuz, etorkizunari begira jarri dira larrauldarrak. Larunbatean egin zuten haurreskola eta eskolaren irekiera ekitaldi hunkigarria.

Lehen pausoak eman berri ditu Larraulgo eskolak eta hori ospatzeko elkartu ziren larunbatean herritarrak. Antton Amonarriz kultur etxearen aurrean, borobil bat osatuz bildu ziren adin guztietako larrauldarrak. Kanpai hotsen artean, haritz ederra landatu zuten garai bateko eskolan ibilitako Jon Tejeria, Pili Urkola, Joxe Otaegi eta Mikaela Urkolak. Herriko haurrek ureztatu zuten zuhaitz landatu berria.

Bertsoak eta eskultura
Jexux Mari Irazuk eskolari jarritako bertsoak abestu zituzten larrauldar guztiek eta Karlos Irazuren eskultura ere agerian jarri zen. Eskolako haur guztiek bere izena jarri zuten eskulturan eta horrela egingo dute ikasturte guztien hasieran.
Hazi eta sendotzeko asmo garbiz jarri da eskola martxan. Pello Errota ikastetxearen ikasgela da zabaldu berri dena baina, egunen batean, Larraulek eskola txikia izan dezan lan egiteko prest agertu ziren guztiak.

Atzoko zainak loretan  Bertsoak: Jexux Mari Irazu
Eskola eta haurtzaindegian
jaiotzak elkartu gaitu
hogeita hamar urteko gauak
argia ikusi baitu
ateak itxi zituen baina
bihotzik ez zen gelditu
ume soinuak esnatu du-ta
begiak zabaldu ditu.

Eskolik ez dun herriko plazak
maizegi malko gazia
urte askoan lan egin eta
aurten izan du grazia.
Zaharrak emanda jaso dezunez
etorkizunan hazia
erakusteko sortu zeranak
badezu zer ikasia.

Eskola aurrean, borobilean,
eta kanpana hotsetan
Larraulgo herriak arnasa sakon
hartu du egun honetan
zaharrek arbola aldatu eta
haurrek ura bota bueltan
gaurko frutuek jar ditzatela
atzoko zainak loretan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!