Karlos Zabala, herri langile berria

Hamalau urterekin eskola bukatu, eta lanean hasi zen Karlos Zabala adunarra. Herriko langile, enterradore, ostalari eta kamioilari izan da urte hauetan zehar eta orain, herriko lanetan ari da.

Herri lanetan ari zara, zeintzuk dira zure ardura nagusiak?
Uraren depositoak zaindu, kalitatea begiratu, kloroa bota..., horrez gain, jardineritza lanak ere egiten ditut. Herrian sortzen diren beste lanak ere egin behar izaten dira. Ur hodiren bat hautsi edo bestelako zerbait gertatzen denean, gurea da konpontzeko ardura. Herriko jaietan ere lan egin dugu, gauzak behar bezala prestatzeko. Bestela ere jaietako ekitaldi askotan parte hartu dut aurten: herri kiroletan aizkoran eta txingetan atera nintzen, oilasko jokoan ere parte hartu nuen, axeri dantza, sagardo dastaketa, txekor jatea, txosnak... Loari ordu asko kendu dizkiot jaietan, baina gustura.
Oso lan polita da, baina arduratsua izatea ere eskatzen du. Urari kloroa botatzea, esaterako, ardura handiko lana da, herritarrek edango duen ura zure eskutatik pasatzen delako. Martxaren arabera ikasi dut lan horiek guztiak egiten. Urak duen kloro kopurua neurtzeko makina bat dugu eta hori erabiltzen erakutsi zidaten. Horrez gain, uraren hodiak nondik nora joaten diren ikastea ere garrantzitsua da, matxuraren bat izanez gero, nondik nora hasi jakiteko. Belarra ebaki eta horrelakoak egiten berriz, bizitza guztian aritu izan naiz, beraz, ez dut aparteko zailtasunik izan.

Noiz hasi zinen herriko lanetan?
Apirilaren 1ean hasi nintzen lanean. Lagun batek esan zidan udaletxean lanpostu hau sortu zela eta izena ematea erabaki nuen. Ordura arte lagun bakarra aritzen zen lan hauek egiten, Jabier Zabala, baina azken urte hauetan herria hazi egin denez, bigarren pertsona baten beharra sortu zen. Hiru herritar ginen lanpostu honetarako izena emanda eta zozketa bidez erabaki zen nori eman. Zortea izan nuen. Laster aterako da posturako azterketa deialdia. Foru Aldundiaren ardura da deialdia egitea eta ez dakigu noiz izango den, horren zain gaude orain.

Herrian bertan lan egiteak, zein alde on eta txar ditu?
Kezka pixka bat sortzen du. Gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara, baina beti geratzen da ardura punttu hori. Lantoki gehienetan, zure orduak sartzen dituzunean dena utzi eta etxera joateko moduan izaten zara, baina hemen badakizu zerbait gertatzen baldin bada joan egin beharko duzula eta horrek kezka pixka bat sortzen du. Hori horrela izanda ere, oso gustuko dut lan hau, pozik nago. Gainera, bi lagun izateak lasaitasun pixka bat ere ematen du.

Herritarrek zer esaten dizute?
Gustura ote nabilen galdetzen didate askok. Beraiek ere gustura daudela iruditzen zait. Batzuek uste dute lanpostu honetan ez dela lan askorik egiten, udaletxeko kotxea hartu eta pasiatzen ibiltzen garela egun osoan zehar, baina hori ez da horrela. Beti dago zereginen bat. Udaletxeko paperak hartu eta Villabonara jaitsi, postetxera edo banketxera joan, mendira igo eta garbiketa lanak egin, jardineritzan aritu, pilotalekua garbitu...
Uda honetan, esaterako, lan handia izan dut belarra ebakitzen, eguraldiaren eraginez izugarrizko belar pila atera delako. Orain lasaixeago nabil, baina geldirik egoteko denborarik gabe, hala ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!