Joxan Larrañaga, Oñatira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 16a, 17:39

Azken urte luzeetan Villabona, Alkiza eta Asteasuko apaiz izandako Joxan Larrañaga Oñatira joango da hilaren amaieran. Aurretik, luze eta zabal hitz egin du.

Noiz eta nola erabaki zenuen apaiz egitea?
Familia erlijioso batean hazitakoa naiz eta giro hark eragina izan zuen umetan, baita parrokiko apaizak ere. Mirestu egiten genituen pertsona bezala. Eskolan eta institutuan erlijiozko klaseak gogoz jarraitzen nituen. UBI bukatu nuenean parrokiko apaizari azaldu nion mundu hura ezagutzeko gogoa neukala. Seminariokoekin harremanetan jarri ninduen eta han, proba egitea proposatu zidaten baina, beste zerbaitekin batera badaezpada. Magisteritza aukeratu nuen nik eta bi ikasketekin batera hasi nintzen.

Nola gogoratzen dituzu lehen apaiz urteak?
Batikano II.arekin, elizaren irekitasuna etorri zen eta ikasle garaian, seminarista talde bat pisu batean bizitu ginen, ez seminarioan. Gu geu antolatzen ginen astean zehar. Asteburutan bakoitza bere etxera joaten zen. Sukaldean, esaterako, modu horretan ikasi nuen eta noski, beste kideekin elkarbizitzen. Oso esperientzia ona izan zen. Azken urteetan, bizi ginen parrokietan laguntzen genuen. Ni Trintxerpen aritu nintzen, hango apaiz taldearekin. Han bertan ordenatu ninduten 26 urte nituela eta beste bi urtez apaiz izan nintzen. Beno, ez bi urte oso; soldadutzara joan behar izan bainuen, kontzientzia eragozpena egitea proposatu arren. Trintxerpeko apaiz taldea Usurbilera bidali gintuzten gero eta han bi urte igaro genituen. Handik Tolosara etorri ginen, egun Alegiako apaiza dena eta biok. Sei urte egin nituen Tolosan eta handik Villabonara, 1992 urtean.

Hamasei urte Villabonako apaiz. Nola laburbilduko zenuke esperientzia?
Villabonakoa, parroko bezala nire lehen esperientzia izan zen; ordura arte apaiz laguntzaile modura ibili bainintzen. Villabonara etorri nintzenean, hasiera batean, distantzia sumatu nuen herritarrekiko, parroko modura hartu nindutelako. Gerora ez; urte hauetan guztietan, sekularrekin batera, lan taldea osatzen saiatu naiz. Hamasei urte hauetan, aldaketak sumatu ditut. Talde ezberdinak sortu dira eta besteak beste, kristauek Biblia ezagut dezaten bultzatzen aritu gara. Gazte eta helduz osatutako Biblia taldeak sortu dira. Jendeak iturrietara jo eta kristau helduak izateko beharra dauka. Nik badaukat itxaropena horretan. Kristautasunaren gakoa ezagutu eta zientziaren, unibertsitatearen eta errealitatearen aurrean gaurkotzea ezinbestekoa dela uste dut. Maila horretan aurreratzen ari gara. Orain arteko batzordeak; katekisia, gazteak, gaixoak, Karitas, espetxe pastoraltza, liturgia…, mantendu egin dira. Villabonako parrokian ehun pertsona baino gehiagok hartzen du parte; hori benetan eskertzekoa da.
Hasieratik onartua sentitu naiz Villabonan. Herriak ere egiten zaitu apaiz, nolabait, eta nik, herriarekin nahiz herritarrekin batera ikasi dut apaiz izaten. Ateak zabalik nituela sentitu dut eta jende asko ezagutu dut. Oso aberatsa izan da niretzat.

Aurrerago Asteasu eta Alkizako ardurak ere hartu zenituen…
Alkizako ardura duela zortzi urte hartu nuen. Asteasukoa, berriz, orain bost urte. Hiru parrokia, hiru errealitate ezberdin dira eta burua ere hiru tokitan eduki behar duzu. Zailagoa da, lan eta ardura handia. Villabona, Alkiza edo Asteasu baino urbanoagoa da. Azken bietan baserri giroa nabarmenagoa da. Ni hirikoa naiz eta Villabonan ondo moldatu naiz. Herri txikiagoetako girora egokitu egin behar izan dut. Ez dakit asmatu dudan baina, ahalegindu naiz. Pastoral lanerako, bertan bizita, errazagoa da jendearekin harremana izatea. Nik zailtasun hori eduki dut bai Alkizan eta bai Asteasun.

Zer aipatuko zenuke Asteasuko esperientziaz?
Asteasun ere oso ondo onartua sentitu naiz. Egin nahi nituen lanak egiteko, ordea, denbora gutxiago izan dut. Datorren hilean ekingo zaie elizako lanei. Nik jarri ditut obrak martxan eta orain alde egitea egokitzen zait. Eliza mailan, liturgiak edo katekesiak ondo funtzionatzen du Asteasun. Bertan bizi ez izanak, ordea, gazteak gehiago ez motibatzera mugatu nau.

Nondik nora etorri da Oñatin apaiz izateko jauzia?
Oñatiko apaiza jubilatu egin da. Ni parroko bezala joango naiz hara eta alboan, jubilatutako bi apaiz eta laguntzaile bat izango ditut. Erreferentzia batzuk badauzkat baina, ez dut oraindik hango errealitatea ezagutzen. Barruan sentimendu nahasketa daramat. Batetik, erronka berria da; nire ideiak beste parroki batean planteatu eta egiten saiatzeak gaurkotzen eta berritzen laguntzen duela uste dut. Bestetik, kosta egiten da horrenbeste urte bizitutako herritik joatea. Lagun asko egin dut eta distantzia egongo da tartean. Gaur, hala ere, mugikortasun handia daukagu eta etorriko naiz bisitak egitera.

Nola ikusten duzu apaizen etorkizuna?
Orain apaiz gutxi dago, eskerrak sekularrek behar hori ikusita, gero eta gehiago hartzen duten parte. Sekular gehienak emakumezkoak dira eta gaur, gure parrokiak, emakumeen esku daudela esango nuke. Nire iritziz, Eliza, une honetan gaizki ari da jokatzen apaizen izendapenarekin. Batetik gizonezko izatera mugatuz eta bestetik, ikasketa edo formazio berezia jasotzera behartuz. Horrelako apaiz eredurik ez dagoelako, herri bat apaizik gabe uztea errua da nire ustez. Lehengo kristauek, elkarte batean egokiena aukeratu eta hura apaizten zuten. Orain ere gauza bera egin beharko genukeela uste dut, bide alternatibo berriak irekiz. Gizon edo emakume, ezkondua edo ezkongabea…, elkarte bakoitzeko egokiena aukeratuko nuke nik, pertsona hori prestatu eta huraxe apaiztu, kristau elkartearen arduradun izendatuz.


Joxan Larrañaga, lehen Beasainen egondako Biktor Gorria apaizak ordezkatuko du Villabonan. Elbarrena ere Gorriak hartuko du bere gain. Baina oraindik, ez da zehaztu nor etorriko den Asteasu edo Alkizara. Bitartean Felix Azurmendi eta Patxi Azpitarte bikarioek beteko dute lekua. Irailaren 21ean Villabonako parrokiak agurra eskainiko dio Joxan Larrañagari. 27an, berriz, Gotzainak meza eman ondoren, Joxan agurtu eta Biktor Gorria aurkeztuko du arratsaldeko 19:00etan. “21ean meza eta bazkaria izango dira. Nik ez dakit 21ean edo 27an, noiz agurtu herritarrak. Bietan egingo dut”.


ESKERTZA

Aiurriko Hitzak hots atalean kolaboratzaile izan da Joxan azken urteetan. “Azken aldian gero eta zailagoa egiten zitzaidan gaia topatzea baina, gustura aritu naiz. Gai aldetik, kristautasunaren bidetik bakarrik ez hitz egiten saiatu naiz, gai zabalagoak aukeratzen”. Aiurriko lan taldeak bere ahalegina eskertu nahi dio eta zorte ona opa bere ibilbide berrian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!