Pamir mendi espedizioa: KORJENEVSKAYA BAI, KOMUNISMO EZ

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 10a, 20:48

Zazpi lagun elkartu ziren bidaia-espedizioa egiteko. Iker Iriondo eta Arkaitz Lasa andoaindarrak, Mikel Legarreta urnietarra, Kondo Zubimendi erandiotarra, Ibon Guinea eta Exabier Fernandez zornotzarrak eta Migel Del Rio iruñarra. Helburua Korjenevskaya (7.105 m) eta Komunismo (7.495 m) mendien tontorrak zapaltzea. Hauxe da egunez eguneko kronika, bidaiarien eskutik idatzita:

UZTAILAK 27: Espedizio kideak aireportuan elkartu eta elkar ezagutu genuen. Loturak bagenituen arren guztiok ez genuen elkar ezagutzen. Madriletik Istanbulera eta Istanbuletik Dushanbera (Tajikistan) bidaia luze egin zitzaigun. Goizeko 03:20etan iritsi ginen eta bisatua lortzeko beste bi ordu behar izan genituen.

UZTAILAK 28: Dushanbeko aireportutik irten eta lehenengo ustekabea. Lo lekura joan beharrean merkatura joan behar izan genuen jakien erosketak egitera azken orduko aldaketak zirela medio. 10:00etan Dirjitalera hegaldia. Nekea handia zen eta kuluxka bat egin genuen.

UZTAILAK 29: Dirjitaletik Moskvina oinarrizko kanpalekura helikopteroz hegaldia (4.300 m). Oinarrizko kanpalekua uste baino zabalagoa zen eta jende kopurua ere handia, 80tik gora. Helikopteroz 4.300 metrora igotzeak beldurra ematen zigun, ez baikenekien gorputzak nola erantzungo zuen. Oso ondo sentitzen ginen eta oinez ibilalditxoa egitea erabaki genuen. Lehenengo beherakoak agertu ziren, gure sabelarentzat bertako jakiak liseritzeko zailak ziren-eta.

UZTAILAK 30: Gure animoak apaldu ziren gauean. Taldeko 3 gorakoarekin ibili ziren, beste bat beherakoarekin eta lauri burua astindu zien buruko minak. Zazpitik bostek lehenengo kanpalekura igotzea erabaki genuen. Erritmo lasaia, kanpinak, jatekoa eta ura aldean hartu eta bide harritsu eta gorabeheratsuan murgildu ginen. Elkarren arnasestuak entzuten genituen gertuan, baina kosta bazitzaigun ere, heldu ginen lehenengo kanpalekura. Kanpina muntatzeko ere lanak izan genituen. Oinarrizko kanpalekura itzuli ginen. Gauean arroz zuria eskatu behar izan genuen afaltzeko, beherakoak sekulako astindua eman baitzigun.

UZTAILAK 31: Atseden eguna. Arroz zuria jaten jarraitu behar izan genuen.

ABUZTUAK 1: Beharrezko gauza guztiak aldean hartu eta lehenengo eguzki izpiekin batera lehenengo kanpalekura igo ginen. Errazago igo ginen bigarren aldi honetan, baina pisua handia zenez hartutako astindua ere bai. Lehenengo kanpalekuan egin genuen lo (5.100 m).

ABUZTUAK 2: Gauean ondo egin genuen lo, beraz, goizean jaiki eta beste kanpalekura abiatu ginen (5.100 m). Kanpina bertan ezarri eta lehenengo kanpalekura itzuli ginen.

ABUZTUAK 3: Bigarren gaua ere ona izan zenez, bigarren kanpalekura igo ginen. Indartsu sentitzen ginenez hirugarren kanpalekurantz abiatu ginen pisuaren zati bat aurreratuz. Bidea erabat izoztuta topatu genuen eta ezinean buelta eman genuen (5.850 m). Bigarren kanpalekura erabat ahituta iritsi ginen eta bertan egin genuen lo.

ABUZTUAK 4: Goizean jaiki eta ustekabea, eguraldi txarra. Eguerdirako argitu zuen eta hirugarren kanpalekura iristen saiatu ginen. Berriz ere buelta hartu behar izan genuen (5.900). Gorputzean pilatutako nekea izugarria zen. Hausnarketa egin eta eguraldi txarra 2 egunez tarteko zenez, lehen kanpalekura jaitsi eta bertan lo egin genuen.

ABUZTUAK 5: Gauean elurra egin zuen. Eguraldia arindutakoan oinarrizko kanpalekura jaitsi ginen. Elkarri adarra joz ibili ginen argalduta geundelako, gure gorputzek hala erakusten zuten. Poloniar baten heriotzaren berri izan genuen, Korjenevskaya mendian hil zen 6.300 metroko altueran.

ABUZTUAK 6: Atseden eguna. Harrapatutako guztia jan genuen eta gorputz ahulduak garbitu. Komunismo mendian elur jauziak etengabeak ziren arren hiru errusiarrek tontorra egiten saiatzea erabaki zuten.

ABUZTUAK 7: Goizeko 06:00tan abiatu eta oinarrizko kanpalekutik bigarren kanpalekuraino igo ginen. Bidea oso desatsegina zenez, azkeneko aldia izango zelakoan geunden. Eguerdian iritsi ginen 5.600 metrora.

ABUZTUAK 8: Goizeko 08:00tan abiatu eta hirugarren kanpalekura joan ginen. Bidean arrastoa handiagoa zen aldi honetan eta erosoago joateko aukera izan genuen. Sekulako aldapa izoztua gainditu behar izan genuen (5.900 m). Harkaitzean eskalatu ere bai (6.200 m). Berrehun metro gorago jarri genuen hirugarren kanpalekua. 15:00tan iritsi ginen erabat ahituta. Tontorra gertu izateak arintzen zigun nekea.

ABUZTUAK 9: Batzuk gaua ondo igaro genuen, ez beste batzuk ordea. Goizeko 5:45etan abiatu ginen tontorrera irandarren jarraian. 20 pausu, 20 pausu… erritmo bat hartzen saiatu ginen. Atsedena, ura… 20 pausu, 20 pausu… 13:00tan iritsi ginen tontorrera. Argazkiak, besarkadak… Etxekoekin oroitu ginen, lagunekin, lagundu ziguten guztiekin: Andoaingo Kirol Patronatua, Metalurgica Marina, Erandioko Udala, Prima Fila, Cafés Aitona eta Cegasa, Isdin, Lorpen… 14:00tan jaisten hasi ginen, taldeko bi falta ziren artean. Jaisten hasi orduko falta zen taldekide batekin topo egin genuen. Oso nekatua zetorren eta itxarotea erabaki genuen. 6 mozkor balantzaka, hori zen gure itxura. 6.900 mtan zazpigarren taldekidea topatu genuen lurrean eserita, erabat ahituta. Ez zen ibiltzeko gai eta bi taldekidek eta iraniarren gidari errusiarrak lagundu zioten. 16:30etan iritsi ginen 3 taldekide hirugarren kanpalekura. Ezinean zetorren taldekidearentzat sendagaiak igo zituzten eta geroxeago baita kanpin bat ere badaezpada. 18:30etan zazpiak hirugarren kanpalekuan ginen eta arnasa lasai hartu genuen.

ABUZTUAK 10: Taldekide bat oso gaizki aurkitzen zen. Behera lehenbailehen jaitsi behar genuen. 08:00tan abiatu ginen. 5.600 metrora hobeto sentitzen zen. Kostata izan bazen ere oinarrizko kanpalekura iritsi ginen 18:00tan. Afaltzeko arrautza frijituak izan genituen!

ABUZTUAK 11: Erabat jota zeuden taldekide batzuk eta oinarrizko kanpalekuan egoteko ere zailtasunak zituzten. Gure itxura penagarria zen, erabat ahul geunden eta galdutako pisua handia zen. Etxerako bidea hartzea erabaki genuen, Komunismo mendira abiatzeko indarrak berreskuratzea ezinezkoa ikusten genuen bertako jakiekin, gerritik gorako elurra zegoen bigarren knpalekutik aurrera.

ABUZTUAK 12: Korjenevskayatik mendizale bat jaitsi zuten eta helikopteroz Dushanbera eraman behar zuten. Eguraldia lainotua zenez ez zen gauzatu.

ABUZTUAK 13: Zauritutako mendizalearen garraioaz baliatu eta Dushanbera joan ginen helikopteroz.
Hurrengo lau egunak Dushanben igaro genituen hegaldia aurreratzeko aukeraren zain. Abuztuaren 18an Istanbulera abiatu eta hurrengo egunean etxera itzuli ginen. Ai, Euskal Herri maitea!
Ez gara ase eta izango da gehiago. Mendian indarrak murriztuz doaz, baina begirada askeagoa da eta bista zabalagoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!