Mikaela-enea bota edo berreraiki, UDA urnietarrei iritzi eske dabil

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 10a, 20:31

Kultur etxe berria egiteko, eraikina bota edo mantendu? Hor dago, azken egunotan UDA plataformak Urnietan herritarren artean banatu duen inkestaren gakoa. Artikulu honetan aurkako eta aldeko iritzi bana agertzen dira.

Aiurriren inkestan parte har ezazu | Albistea

Kultur etxe berria kokatutako da aipatu eraikin zaharrean, baina UDA-k herritarrek zer pentsatzen duten jakin nahi du, gaia batzordera eraman eta gainerako udal ordezkariekin eztabaidatu baino lehen.
Banatu dituzten orrietan aipatzen denez, bi proposamen planteatzen dituzte. Batetik, egungo eraikina bota gabe lanak egitea, lau hormetatik hiru dauden bezala utzita eta Pintore kalera ematen duen aldea handituta. Hartara, XX. mende hasierako eraikina mantenduko litzateke. Egungo egiturak erabat baldintzatuko luke ordea, barrukaldeari eman nahi zaion erabilera. Sarrera nagusia Pintore kaletik izango luke.
Aipatzen duten bigarren aukera, eraikin berri bat egitea litzateke. Horrek barrukaldea handitzea eta ondoko eraikinekin lerrokatuta geratzea ahalbidetuko luke. Eta sarrera nagusia, Idiazabal kaletik izango luke.
Kontsultan parte hartu nahi dutenek irailaren 14ra arteko tartea dute. Inkesten emaitzak datorren aste hasieran jarriko ditu erakusgai UDA-k, bere web orrialdean. Beraz, edonork egiaztatu ahal izango ditu zenbat erantzun jaso diren eta ekimenean parte hartu dutenek zeren alde egin duten. Hortik aurrera, udal ordezkariak bilduko diren batzordera eramango dute gaia. Mikel Izagirrek argitu duenez, “kontsultak ez du udal erabakia baldintzatuko”. Alkateak dioenez, “lehen kontsulta da, baina azkena ez izatea espero dugu”.

ERAIKINA BOTATZEAREN ALDE
Iñaki MendizAbal, EAE-ANV-ko zinegotzia

Hasieratik argi zuten EAE-ANV udal taldeak gai honen inguruko iritzia; dagoena bota eta eraikin berri bat egitearen aldekoak dira. “Hondamen egoeran dago eta nire ustez orain bota beharko litzateke”, adierazi du. Gogoratzen duenez, balore gehien zuen beiratea ere txikituta dago eta berreskuratzea pentsaezina da.
Eraikinaren hiru hormak mantentzeko proposamenak kultur etxe berriaren proiektua mugatzen du Mendizabalen ustez, egungo Mikaela-Enea ez baitago gainerako etxebizitzekin lerrokatuta, lur azpian solairu berri bat egitea eragozten baitu eta zabalera gehiago ematea ere ez du uzten. “Eraikin bat egitea, taxuzkoa kultur etxerako”, adierazi du.
Mikaela-Enea sentimentalki baloratzen dutenak guztiz errespetatu arren, eraikina orain artean ez da mantendu eta egun lan horietan hastea berandu da Mendizabalen ustez. Eraikinak berak egun ez duela bizitzarik gaineratzen du.

ERAIKINA MANTENTZEAREN ALDE
Javier Segurado, arkitektoa
“Eraikina eraisteko ideiari ez diot zentzurik bilatzen”, adierazi du Javier Segurado arkitekto urnietarrak. Herrian geratzen diren aitzineko hiru eraikinetako bat Mikaela-Enea izanik, argi galdetzen du: “Aukera bakarra, eraikina guztiz botatzea edo mantentzea da?”.
UDA-k kaleratu duen kontsulta orrian gaia planteatzeko moduak atentzioa eman dio. “Bi aukera soilik ematen ditu. Beste aukeren atalean, gainera, ezin da ezer gehiago adierazi. Ez dute tarterik ematen esplikazioak emateko”, adierazi du Seguradok.
Bere ustez, erabaki bat edo beste hartzeko faktore askoz gehiago izan behar dira kontuan. Bere esanetan, badago hirugarren aukera bat, egin nahi den kultur etxe berrian pentsatzea. Lehiaketa ireki bidez, dauden aukeren berri eman eta ideien bilketa egitea proposatzen du. “Hortik ideia onena aukera dezatela”, adierazi du urnietarrak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!