Alegazioak aurkezteko aukera berri bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 5a, 15:24

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuari alegazioak aurkezteko epe berri bat irekitzea adostu dute udal ordezkariek. Aho batez hartu zuten erabakia pasa den irailaren 3ko ezohiko osoko bilkuran.

Hilabeteko tartea izango dute herritarrek, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren dokumentuari lotutako alegazioak aurkezteko. Hala erabaki zuten udal ordezkariek, pasa den irailaren 3an burutu zen osoko ezohiko bilkuran. Epe berri bat, hirugarrena jada, zabaltzeko arrazoia euskara izan da. Hain zuzen, alegatu beharreko dokumentua erdaraz idatzia zegoen soilik eta ez bi hizkuntzetan. Horregatik, alkate Mikel Izagirrek gogorarazi zuen bezala, “legedia behar den bezala betetzeko” irekiko da berriz ere alegazioak aurkezteko epea.

Udal ordezkari guztiek aho batez onartu zuten epe berri bat irekitzea. Eta guztiek aipatu zuten ardurak norbaiti eskatu beharra zegoela. Proposamenarekin bat egin arren, hamabost hilabeteren ostean, atzerapentzat jo zuen PSE-EE-ko bozeramaile Herme Gonzalezek. “Atzerapena herritarrek ordainduko dute”, adierazi zuen. Izagirrek denboran atzera egin zuen, eta dokumentuaren erredakzio taldea aipatu zuen arduradun gisa. Garai hartan, EAJ-PNV zegoen udal gobernu taldean eta zinegotzi Maribel Vaquerok politikoki denen ardura zela gogoratu zuen.

EAE-ANV-tik Iñaki Mendizabalek euskarari lotutako eztabaida plazaratu zuen. Euskararena ez beste oinarri batean huts egin izan balitz, beste modu batean jokatuko zela adierazi zuen.

Kontratu etena

CESPA enpresa Urnietako berdegune, parke eta lorategiak garbitu eta mantentzeaz arduratu izan da. Udalak eta aipatu enpresak zuen arteko hitzarmena etetea erabaki zuten udal ordezkariek, eta aho batez. Artean, zerbitzu bera berriz adjudikatzeko tramitazioei ekingo die Udalak.

Ohiko osoko bilkura

Bi hilean behin, azken asteazkenetan izan ohi den ohiko osoko datorren bilkura hilaren 24an egokituko da. 19:00etan udaletxeko pleno aretoan.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!