Erreketa ugari izan da herrian azken hilabeteotan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 4a, 17:54

Duela bi urte inguru gertatu zen Asteasun lehendabiziko erreketa. Zaborrontzi batzuk kiskali ziren orduan, baina geroztik, beste hainbat sute izan da, bai Asteasun baita eskualdeko beste zenbait herritan ere.

Autoak, kamioiak, makinak..., erreketa ugari izan da eskualdean azken hilabeteetan. Iñaki Amenabar alkateak eman ditu gertaeren inguruko azalpenak: “Harreman zuzenik gabeko erreketak izan dira, lotura edo helburu zehatzik gabekoak. Badirudi piromano bat egon daitekela ekintza horien atzean. Berdin erre ditu bidegorria egiteko erabiltzen ari ziren makinak, bertako kamioilarien ibilgailuak, zaborrontziak, edota aparkalekuan utzitako autoak ere. Duela bi urte hasi ziren erreketak. Herriko hiru puntu ezberdinetako zaborrontziak kiskali zituen orduan, eta pixkanaka erreketa handiagoak egiten hasi zen. Oso zaila da egilea edo egileak harrapatzea, ez baitute arrastorik uzten. Dirudienez, suak indarra hartzeko likidoren bat botatzen du, baina arrastorik uzten ez duena. Ertzaintzaren eskuetan dago kasua, baina momentuz ez dute egilea harrapatzerik lortu eta egoera honek kezka sorrarazi du”.

Ostegun iluntzetan
Astegunetan egin dituzte Asteasuko erreketa guztiak: “Gehienetan ostegun iluntze edo gauetan gertatu izan dira suteak, sei aste inguruko tartearekin. Ertzaintza zaintza lanak egiten ari da, baina lan zaila da, ezinezkoa delako hogeita lau orduetan eta herriko txoko guztiak zaintzea. Orain arteko joerari begiratuta, ezin da jakin hurrengo erreketa non eta noiz egingo den eta horrek egilea harrapatzea zaildu egiten du”, dio Amenabarrek.
Zizurkilen eta Amasa-Villabonan ere hainbat erreketa izan da: “Beti eskualde inguruan sortu ditu suteak. Horregatik, pentsatzekoa da egilea ez dela urrutikoa izango, nahiz eta hori ere ezin den ziurtatu”, azaldu du alkateak.
Asteasun, duela hiru aste inguru gertatu zen azken erreketa saiakera. Kamioi bati su eman zion norbaitek, baina artean garrek indarrik hartu ez zutenean, ibilgailuaren jabea konturatu egin zen eta sua itzaltzea lortu zuen. Ordurako, ordea, egilearen arrastorik ez zen inguruan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!