Larraulgo haurrak herrian bertan joango dira eskolara

Ikasturte berriak berrikuntza handia ekarriko die Larraulgo haurrei.

Aste honetan bertan jarri dute martxan haurreskola eta iraileko bigarren astean zabalduko ditu ateak Pello Errota ikastetxeak herrian izango duen ikasgelak.
Antton Amonarriz kultur etxean prestatu dituzte hezkuntza instalakuntzak. Beheko solairuan egongo da haurreskola eta lehen solairuan bi ikasgela prestatu dituzte eskolako haurrentzat. Kultur etxeko eraikin berria egin zutenean prest utzi zuten haurreskola zerbitzua eskaini ahal izateko gela berezia eta gainerako ikasgelak egokitzeko zenbait lan egin behar izan dute.

Hiru haur, bi hezitzaile
Irailaren 4an jarri zen martxan haurreskola hiru haurrekin. Bi hezitzailek izango dute haurreskolaren ardura.
Pello Errota ikastetxeak  Larraulen izango dituen ikasgelek, bere aldetik, zortzi haur hartuko ditu ikasturte honetan. Irailaren 9an, asteartearekin hasiko dira eskolak. Udan zehar, kultur etxeko bi gela prestatu dituzte ikasgelak moldatzeko. Tutore lanak egingo dituen irakasle bat eta beste irakasle laguntzaile bat izango dira Larraulen. Hala behar duten haurrek, gainera, jangela zerbitzua ere izango dute. Herriko ostatuan bilduko dira txikiak bazkaltzeko garaian.

Inaugurazioa, laster
Xabier Mujika alkateak azaldu duenez, ikasturtea martxan jartzen denean egingo dute inaugurazio ekitaldia: “Irailaren erdialdean egingo dugu hezkuntza zerbitzu berriaren ekitaldi ofiziala. Gauza batzuk lotzeko daude oraindik, eta data zehatza oraindik guztiz finkatu gabe dago, baina irailaren erdialdean egitea espero dugu”.
Bai Udaleko kideek, baita guraso elkartekoek ere, ahalegin handia egin behar izan dute hezkuntza zerbitzuak herrira ekarri ahal izateko. San Esteban jaietan, esaterako, eskolaren aldeko kamisetak saltzen aritu ziren guraso elkarteko kideak. Guztien artean egindako ahaleginak, aspaldiko urteetan galduta zegoen hezkuntza zerbitzua berreskuratzea ekarri du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!