Benito Mujikari agur

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 4a, 17:46

Abuztuaren 16an, zorigaiztoko hilketa baten ondorioz, Benito Mujika Lasarten bizi zen usurbildarrak bizia galdu zuen. Sorterrian ez ezik, Villabonan ere samin handia sortu zuen gertaerak.

1974-1975 ikasturteaz geroztik, Amasa-Villabonako Jesusen Bihotza ikastolan egiten zuen lan, soinketako irakasle gisa. Ehunka eta ehunka gazteren irakasle izan zen urte horietan guztietan zehar eta ondorioz, oso ezaguna zen herrian. Jesusen Bihotza ikastolako zuzendari Kontxi Ormazabal eta Lurdes de la Iglesia irakasleak, gaztetxotan, euren irakasle modura ezagutu zuten gerora lankide eta lagun izan zuten Benito. Kontxi Ormazabalek oso pertsona ona zela adierazi du. “Zintzo-zintzoa zen, oso leiala. Ogi puska. Oso bihotz onekoa izatea zen bere ezaugarririk nabarmenena”. Kirolari on bezala, konpetitiboa zela ere aipatu du, “oso konpetitiboa zen baina, zentzu onean. Parte hartzea irabaztea baino garrantzitsuagoa zela esaten genion guk eta berak, baina, ahal bada, irabazi esaten zuen beti. Bere esaeretako bat zen”. Haur eta gazteen artean oso gustura ibiltzen zela adierazi dute eta asko balio zuela ikasleak motibatzeko. Lurdes de la Iglesiaren hitzetan, “asko kezkatzen zen ikasleren bat baztertu samar edo lagunekin arazoren bat zuela ikusten zuenean”. Ikasleen gainean egoten zela adierazi dute Kontxi eta Lurdesek, “ez bakarrik eskola orduetan. Bakarren batek beste kirol motaren bat egiten bazuen, oso jarraipen zehatza egiten zuen eta aurrera jarraitzera animatzen zituen ikasleak”. Ikasleengana hurbiltzeko erraztasun handia zuela gogoratu du Lurdesek, “gu beharbada ez ginen jabetuko baina, berak bazekien bakoitza zein lagunekin ibiltzen zen, asteburutan ateratzen ote ziren edo ez… Ikasle ohiekin ere harremana mantentzen zuen, oso memoria ona zuen eta ikasle ohien izen-abizenak gogoan izaten zituen. Asko maite zituen ikasleak”.

Bizitza, kirolaren inguruan
Benitok gustuko zuen irakasle langintza, “disfrutatu egiten zuen. 60 urteak beteta zeuzkanez, jubilatzeko aukera bazuen arren, berak ez zuen jubilatu nahi. Kirola eta ikasleen artean ibiltzea zen bere saltsa”. Kirol irakasle ez ezik, kirolarekin lotutako gaiak berak bideratzen zituen ikastolan. “Azpiegitura lan handia egiten zuen. Gordean geratzen ziren lan asko bideratu zituen isil-isilean”. Besteak beste, ikastetxeen arteko Xiba herri kirol txapelketan hartzen zuten parte eta sari bat baino gehiago irabazi zuten azken urteetan. “Sariak irabaztean, pozik handiena berak hartzen zuen; ia ikasleek baino gehiago”. Kirolari eskaini zion Benitok bere bizitzaren zati handia. 1989 urtera arte, Donostiako La Salle ikastetxeko irakasle ere izan zen, “garai hartan, Donostian eta Villabonan, bi ikastetxeetan batera aritu zen lanean”. Kirol irakasle izateaz gain, eskubaloia zuen afizio nagusi eta Euskal Herri nahiz Espainia mailan, oso entzutetsua zen bere izena eta eginiko lana.

Gizon maitatua
Gertaerak samin handia sortu zuen ezagutzen zuten herritarren artean eta bereziki, urte asko elkarren ondoan igaro dituzten ikastolako kideen artean. “Kalean ez dago beste konturik oraindik ere. Agerian geratu zen herriko jendeak asko maite zuela: oraingo nahiz aspaldiko ikasleak, gurasoak…, ikastola inguruko jende asko gerturatu zen hiletara”. Ikasleen artean ez ezik, irakasleen artean ere oso maitatua zela aipatu du ikastolako egungo zuzendariak, “oraindik ezin dugu gertaera sinistu. Heriotza beti da gogorra baina, are gogorragoa horrelako egoera batean gertatuta. Ezin dugu ulertu nola egin dakiokeen horrelako zerbait halako pertsona onari”.
Iazko udan ere gertaera latza bizitu zutela adierazi dute, “istripu baten ondorioz, Andoni Beobide ikaslea hil egin zen. Abuztuan izan zen gertaera hura ere. Urtero prestatzen dugun kultur astean ikasle zizurkildarra izan genuen iaz gogoan. Tristea da baina aurten, Benitoren oroimenez antolatu beharko dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!