Ugare auzoa biziberritzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 4a, 17:39

Ugare auzoko lanak aurrera doaz. Abuztuan zehar aldaketa ugari izan da trafikoari begira. Egoitz Sorozabal Hirigintzako zinegotziak eman ditu azalpenak.

2005-2006 urte artean Eusko Jaurlaritzak Oria ibaia bideratzeko egitasmoaren baitan sortu zen Ugare auzoko lanekin hasteko ideia. Proiektua garatu ondoren, 2007 urte bukaeran eman zitzaien lanei hasiera. Hirigintzako zinegotzi Egoitz Sorozabalek azaldu duenez, “Udalak eta Eusko Jaurlaritzak batera finantzatutako lanak dira. Hasiera batean ibaia bideratzea proposatu bazen ere, gerora egitasmoa zabaldu egin zen eta auzo osoa berritzeko lanei ekin zitzaien”. Lanak gauzatu ahal izateko gestio ezberdinak egin direla aipatu du. “Besteak beste, Izartu programak lagundu du ekimena aurrera ateratzen. Ugareri dagokionez, auzoko plazen urbanizazio guztia berritzea, auzoaren atzealdeko bidearen zati handia garatzea eta tren geltokiko aparkalekuak egitea bere gain hartu du”.

Errepidea eta auzoaren urbanizazioa
Ibaia bideratzearekin batera, pisu nabarmena du trafikoari begira gauzatu den aldaketak. “Auzoaren sarreran, erreka aldera, trafikoa moztu eta bide hori guztia oinezkoentzat egokituko da. Aurrerantzean, auzoaren sarrera atzealdetik egingo da autoz, aurrealdea oinezkoentzat soilik utziz”. Bideaz gain, ordea, auzoa goitik behera berritu da, “autoentzat aparkaleku ugari egin da eta haurrei nahiz helduei zuzenduta, hiru parke egokituko dira. Horrez gain, auzoaren barrualde guztia urbanizatuko da”. Auzoaren itxura aldaketa begi-bistakoa da eta Egoitzek azaldu duenez, inbertsio ekonomikoa izugarria, “milioi bat eta bostehun euro inguruko kostua izango dute lanek. Azken urte hauetan guztietan ez da horrelako inbertsiorik egin Zizurkilgo auzoetan. Ugare oso auzo handia da eta biztanle asko bizi da bertan”. Dudarik gabe, lanak amaitzen direnean, bizi kalitatea hobetuko dela aipatu du Egoitzek. “Zizurkilgo herriak sarrera txukunagoa izango du aurrerantzean. Aparkalekuak auzoaren atzealdean egongo dira, gutxien ikusten diren lekuan, eta auzoaren aurrealdeak itxura hobeaz gain, segurtasun handiagoa izango du”. Villabonako aldean ere, erreka bazterrean pasealekua egiten ari dira, “lanak amaitzean, bi aldeetara, paraleloki, bi pasealeku izango dira errekaren ondoan”.

Zubimusu oinezkoentzat
Zizurkildik Villabonara eta Villabonatik Zizurkilera oinez igarotzeko Mekanotuboa moduan ezagututako zubia kendu egin dute abuztuaren hasieran, “lanek hala eskatzen zutelako kendu da zubia. Irailean sinatuko da beste zubi bat jartzeko akordioa, Zizurkil eta Villabonako Udalen eta Foru Aldundiaren artean. 2009ko martxoan zubi berria jarrita egotea aurreikusten da”. Bitartean, Zubimusu oinezkoentzat soilik zabalduta dago abuztuaren hasieraz geroztik, “une honetan, Villabona eta Zizurkilen arteko oinezkoentzako komunikabide bakarra Zubimusu da. Joan-etorriko trafiko handia zegoenez, lanek dirauten bitartean, oinezkoei segurtasun osoa eman eta trafikoari Zubimusu ixtea erabaki genuen. Berriro oinezkoentzat zubia jartzen denean ikusiko da Zubimusu trafikoari zabaldu edo ez. Tarte hori gogoeta egiteko une egokia izan daiteke eta aurrera begira trafikoa nola bideratu adosteko erabakigarria”.

Auzotarrei eskerrak
Udala gustura azaldu da auzotarrek lanen aurrean izan duten jarrerarekin, “auzotarrentzat deserosoak izan dira lanak baina, oso positiboa iruditu zaigu haien erantzuna. Auzotarren aldetik kritika gutxi jaso dugu eta egon diren gutxiak modu onean eginak izan dira. Beste alde batera utziko nituzke PPko zinegotziak egin dituenak, komunikabideetan oihartzuna lortzeko egindakoak izan baitira”. Lanak bere bidean doaz eta Egoitzek azaldu duenez, beharbada hurrengo bi hilabeteak izango dira zailenak, etxe arteko urbanizazioari eutsi behar baitzaio. “Orain arte bezala, arazoren bat sortzen denean, udaletxera jotzeko deia egingo nieke herritarrei. Azken hilabete hauetan pazientzia pixka bat beharko da denon aldetik”. Auzotarrei eskerrak eman nahi dizkie zinegotziak, izan duten jarrera onagatik. Azaldu duenez, aparteko arazorik sortzen ez bada, lanak abendurako edo datorren urtarrilerako amaitzea espero da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!