Oporraldian nora joateko joera dago? Hona etortzen direnak, nongoak dira?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 4a, 17:25

Udakoa joan-etorri handiena izaten den urteko sasoia da. Bertatik kanpora irteten den jende kopurua askotxo da, eta eskualdera nahiz Euskal Herrira etortzen dena ere bai.

Gauzak horrela, nora joan ohi da bertako jendea? Eta hona etortzen dena, nongoa da? Bi galderen erantzuna bidaia agentzietan eta aterpetxeetan aurki daiteke.

ESKUALDEKO BIDAIA AGENTZIAK
Bertako jendearen joera ezagutzeko iturrietako bat bidaia-agentzietara jotzea da, baina ez da inondik inora bakarra. Geroz eta jende gehiagok oporraldia bere kasa antolatzen du. Teknologia berrien aroan, Internet bidez bidaia-txartela erosi eta ibilbidearen xehetasunak bere erara antolatzen dituen bidaiari kopurua goruntz doa etengabe. Beste kontinenteetara bidaiatzen duen askoren aukera izan ohi da.
Nolanahi ere, oraindik orain, bidaia-agentzien bidez oporraldia antolatzen duen jende kopurua kontuan hartzekoa da. Eta kasu hauetan gehienetan, bidaia mota beretsua izaten da: bidaia agentziara, eguzki bila eta estatutik irten gabe, atseden egunak igarotzeko aukeraren bila jotzen da.
Eroski bidaiak konpainiako Leirek dioenez, “Mediterranioa, Balear uharteak, Kanariar uharteak..., hori saltzen ari gara nagusiki. Iraupenari begira, gure bezeroen artean denetik dago. Batzuk astebeterako edo hamabost egunerako joaten dira eta beste batzuk bi gauetarako soilik”. Oraindik ere bada oporretara joango den jendea, besteak beste, tarifak merkeago direlako. Abuztuaren hogeian Madrilen gertatu zen hegazkin istripuak bidaiarien artean izan duen eraginaz galdetuta, Leirek hauxe dio, “bezeroak hobeto erreparatzen dio hegaldiari eta aukeratu duen hegazkin konpainiari. Alde horretatik bidaiari batzuk erreparoak ipini dituzte Madrilen istripua izan zuen konpainiarekin bidaiatzeko”.
Bidaide bidaia agentziako Bakarnek ere eskualdeko turisten antzeko egoera irudikatu du. Hainbeste aipatzen den krisi ekonomikoak salmentan baino bidaiatzeko moduan eragin du, “abuztuan jaitsi egin da zertxobait, baina bestela, jendeak bidaiatu egin du. Irteera merkeagoak eta egun gutxiagoko iraupenekoak saldu dira. Jendea, oro har, gertuago bidaiatzeko joera hartzen ari da. Kostara asko: Saloura, Andaluziara… Galiziara ere jende dezente gerturatu da”.
Gertu eta merke, beraz. Atzerria saihestuz. “Tunezera, adibidez, eskaintza politak daude eta jendea joaten den arren, oraindik ere, ez da gehiengoak egiten duen aukera. Ezaguna da tokia, turistikoa eta bidaia oso prezio onean atera daitekeen arren, bezeroak garestiago gerta dakiokeela pentsatzen du. Oro har bidaiaria segurura joaten da, estatuko kostara gehienetan”.

ATERPETXEAK

Ziasoro, Zizurkil
Azken urteotan bezalaxe, kataluniarrak etorri dira nagusiki. Italiarrak ere izan ditugu aurten. Normalean egun batzuetarako etortzen dira. Eskualdeko interesa? Zuzenean jendea kostara joaten da. Hemen lo egin eta kostara jotzen dute ia denek. Bat edo beste, inguruko mendi bideetan txangoak egiten ibili daeta ikaragarri gustura ibili zirela aitortu ziguten. Ohikoena, ordea, Donostia, Hendaia, Zarautz edota Getarira abiatzea da.


Urresti, Amasa
%80 kataluniarra da, eta gainerakoa estatukoa.Bataz beste, lau egunez egoten dira aterpetxean.
Jaitsiera? Aurten ere bete egin dugu baina, beteta edukiagatik, ez dugu beste urteetako dei kopururik jaso.
Nabari da etorri den jendeak ez duela berdin gastatzen. Azken urteotan, ez dugu gosariaren preziorik igo eta, hala ere, zukuak edo batiduak ekarrita, gastatu gabe moldatzen da jendearen gehiengoa. Iluntzean ere antzera;gehienak ohi baino lehenago etortzen dira etxera eta euren afaria prestatzen dute, kanpoan afaltzearen gastua aurrezteko.
Oro har hona etortzen denak oso garbi dauka Zarautz, Hondarribia, Donostia edota Biarritz ezagutu behar duela. Ez dute eskualdea ezagutzen eta interes handirik ere ez dute erakusten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!