“Bidez bide” zerbitzua, adinekoei zuzenduriko garraio zerbitzua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:51

Herrigunetik urrun bizi diren Andoaingo eta Urnietako 65 urtetik gorako adinduek erabili ahal izango dute garraio zerbitzu berria.

Andoainen, Hernanin eta Urnietan, kaletik urrun, baserrietan eta etxeetan bizi den adineko asko dago. Urteak aurrera joan ahala, ez da erraza izaten herrigunera joatea. Aurrerantzean garraio zerbitzu berria martxan ipiniko du eskualdeko Landa Garapen elkarteak. Erosketak egin, paseatu, lagunekin egon edota medikura joatea esku-eskura izango dute aurrerantzean baserri eremuko adinduek. Furgoneta, gainera, etxeraino joango da bezeroaren bila eta berak eskatzen duen tokira eramango zaio. Zerbitzua astelehenetik ostiralera goizeko zortziretatik eguerdiko hamabitara izango da martxan. Irteera erosoa bada, itzulera zer esanik ez. Bidaiariak etxerako buelta txoferrarekin adostu ahal izango du.

ZERBITZUAREN HELBURUAK
Herrigunetik urrun bizi diren adineko askorentzat arazo bilakatu da herrigunean dauden zerbitzuetara gerturatzea. Udaletxea, Osasun Etxea, Eguneko zentroa... zerbitzu horiek guztiak herrigunean daude eta herritar asko kilometro batzura bizi dira. Garraio zerbitzu berriarekin distantziak sortzen duen ezintasuna gainditu nahi da. Hori da helburu nagusiena: adinduen autonomia maila handitu eta herrigunera hurbiltzeko zailtasunak saihestu nahi dira.

INFORMAZIOA ETA IZEN EMATEA
Esan bezala, Behemendi Landa Garapeneko eskualde mailako elkarteak zerbitzu berri honetaz baliatzeko telefono zenbaki berria ipini du: 626 13 69 76.
Horra deitu aurretik, programa honetan parte hartzeko herriko gizarte zerbitzuetarako bulegoetara deitu behar da. Informazioa eta izen emateko pausuak norberaren herrian eskainiko dira:
Andoain: 943 30 43 43.
Urnieta: 943 00 83 49.

BEHARRA
Aurreko hilabeteetan Andoainen eta Urnietan baserri eremuetan eginiko azterlan soziologikoaren emaitza da martxan jarriko den garraio zerbitzu berria. Arazoen artean garraio zerbitzu premia larria agertu zen. Aurrerantzean, urrun bizi diren herritarrentzat garraioak arazo izateari utziko dio.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!