Marialuixa Gabirondo, segalaririk onena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:37

Gipuzkoako eta Euskal Herriko aurtengo sega txapelduna da Gabirondo. Segarako joera handiko familian hazi arren, 2005ean hasi zen eta dagoeneko irabaz daitezkeen txapel guztiak eskuratu ditu.

Aiurri: Nolaz hasi zinen segan?
Marialuixa Gabirondo:
Orain hiru urte edo. Segalari talde bat osatzeko emakume bat falta zela eta, anaiak animatu ninduen. Larunbatean saio txiki bat egin eta jada igandeko lehiaketan parte hartu nuen; 23 urte neramatzan sega hartu gabe. Berehala beste proba heldu zen, eta hurrengo hilabetean alemaniarrak etorri ziren. Txapelketa nazioarteko erara –azkartasuna eta txukuntasuna kontuan hartzen da- jokatu zen eta lehena geratu nintzen. Horrela joan nintzen sartzen segaren giro jatorrean.

Kirolean ez da normala hasi eta berehala hastea gailentzen…
M. G.:
Nahiz eta orain dela gutxi hasi lehian, ni baserrian jaioa naiz eta gogoratzen dut anaiekin aritzen nintzela, baserriko lanetatik horixe baitzen gustukoen nuena. Bestela ere, iruditzen zait jaiotzetik hartzen dela teknika, erraztasuna edo naturaltasuna.

Esterotipoei kasu eginez gero, emakume segalaria baserritarra eta mardula behar luke izan nahitaez.
M. G.:
Batzuk baserrikoak gara edo han jaioak, baina badira kaletar-kaletarrak, Josune Gorostidi nire koinata, adibidez; bera txirrindularitzatik dator, eta kirol batetik beste batera pasa da. Itxurari dagokionez, bat edo beste kenduta, gainerakoak nahiko itxura normala daukagu. 11 urte damatzat Andoainen bizitzen, baina orain askok egunkarian edo telebistan ikusi eta harrituta etortzen zaizkit tabernara, zera galdetuz: ¨zuk segan egiten duzu?¨. Nik baietz erantzunda, isil isilik geratzen dira. Segarako iruditzen zaie behar dela izan gizon tankerakoa, fuertea.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?
M. G.:
Gaztelu, Aduna edo Zizurkilgo zelaietan aritzen naiz anaiarekin astean egun pare bat. Oinarri fisikoa behar da gehienbat, eta mendian serie batzuk egiten ditut. Gero besoak eta indartzeko Andoaingo kiroldegian monitoreak programa bat jartzen dit gimnasioan. Hala ere, esan behar dut kirolzalea naizela, eta urte osoan egiten dut aerobika, mendia, igeriketa…

Nor duzu erakuslea segarekin?
M. G.:
Joxe Antonio anaia. Berak zorrozten dizkigu segak txapelketetan aritzen den beste anaia Joxeri eta bioi. Segak bere bizia baino gehiago maite ditu! Oso esijentea da, baina gozo hartzen zaitu. Neronek baino gehiago gozatzen du txapelketetan.

40 urtetik gora hasita zaude. Noiz arte jarraitzeko prest?
M. G.:
“Aurtengoarekin bukatzen ditun nire lanak” agintzen diot nere buruari. Hain gaizki pasatzen dut nire buruari presioa jarrita! Orduan alaba etortzen da eta “ezta pentsatu ere!” adierazten dit. Joxe Antonio anaiak oraindik hobetzeko asko dudala dio. Tabernako ezagunek izugarri animatzen naute, “txapelarik gabe ez etorri guregana!” esaten didate. Horrela, etortzen da hurrengo urteko udaberria… segaren arra hasten da lanean, eta neroni ez naiz kapaz akabo esateko!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!