Uztaileko udal batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:31

Udako oporraldi aurreko azken ohiko udalbatza saioa pasa den uztailaren 29an egin zen.

Udal ordezkariek hirigintza eta udal langileei lotutako gaiak hartu zituzten ahotan. Etxebizitzei lotutako bi proposamen eraman zituen UDA-k osoko bilkura hartara.
Alokairu sozialera bideratu nahi diren hamar etxebizitza, garaje eta trastelekuak zozketatzeko oinarriak onartu edo ez bozkatu behar zuten. Udal ordezkarien gehiengoak babestu zuen ekimena, alde bozkatu baitzuten UDA-ko eta EAJ-PNV-ko hiruna zinegotzik, eta EAE-ANV-ko bi ordezkariek. Aldiz, PSE-EE-ko lau zinegotziek abstentzioaren aldeko hautua egin zuten.
Alokairu sozialerako baliatuko diren hamar etxebizitzak Etxeberri plazan kokatuta daude. Zozketan parte hartzeko ezin da etxebizitza baten jabe izan, 2006.urte hasieratik Urnietan erroldatua egon eta urteko 3.000-21.000 euro arteko diru-sarrera gordinak izan behar dira. Interesdunek udaletxera hurbildu behar dute izena ematera, irailaren 15a baino lehen.
Etxebizitzak gutxienez urtebeterako eta gehienez zortzi urterako alokatuko dira. Tarte horretan, baldintzak betetzen jarraituta, alokairua berritzen joango da. Kasuan kasuko epea igarota, berriz ere Udalaren jabetzara itzuliko dira hamar etxebizitzak; tartean, guraso bakarreko familiei zuzendutako lau, eta gutxitasuna duten pertsonentzako bizileku bat.

ZINEGOTZI BATEN LAN LIBERAZIOA, ATZERA
Bozketaren emaitza zeharo desberdina izan zen, aldiz, hirigintzari lotuta landu zuten beste gaian. Udal etxebizitza tasatuak arautzeko udal ordenantza aldatzea helburu zuen gai zerrendako puntuak udal ordezkari guztien  adostasuna bildu zuen. Aho batez onartu baitzuten.
Kontsentsu giroa ez zen mantendu ordea, udal lanpostu eta langileei lotutako gai banatan. Oposizioan dauden udal ordezkariek UDA-k aurkeztutako proposamenak atzera bota zituzten. Hala, UDA-ko zinegotzi Mertxe Zapiain lanaldi osoz liberatzeko asmoa udal gobernu taldeak soilik babestu zuen, oposizioko alderdiek aurka bozkatu baitzuten. Beste hainbeste gertatu zen, arkitekto lanpostuaren sortzeari zegokion gaian ere.  

KREDITU ALDAKETAK
Hainbat kreditu aldaketa onartu ziren azken osoko bilkuran. Hona hemen, aldeko bozka gehiago edo gutxiagorekin, dauden aurrekontuetatik zertara bideratuko dituzten hainbat diru partida:

Hondakinak
-San Markosko Mankomunitatearentzako ekarpena.
-Hondakinen gaineko sentsibilizazio kanpaina.
-Garbigunea.
-Edukiontziak aldatzea.

Udala
-Aktak digitalizatzea.
-Alderdi politikoentzako ekarpena.

Herri lanak
-Azterketa eta lan teknikoak.
-Parkeak eta lorategiak mantentzeko kontratua.
-Adarrako larreak hobetzea.
-Kanpoko beste lan batzuk.
-Herri guztirako irisgarritasun proiektua.

Herri bideak
-Bide publikoen konponketa, mantentzea eta zaintza.
-Bide garbiketarako kontratua.
-Landa bideen mantentze-lanak.
-Bideak hobetzea.

Gizarte Zerbitzuak
-Zaharrentzako aisialdi eta gizarte eskaintza.
-XX. mendeko emakumeak Urnietan.
-Familietan esku hartzea.

Kultura
-Kulturnieta SA-rentzako ekarpena.
-Webgunea.

Ekipamenduak
-Kiroldegirako proiektua.
-Aterperako proiektua.
-Energia elektrikoaren hornidura.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!