Sanmielen aurrerapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:30

Urnietarrek asteburu luzeagoa izango dute aurten, jaietako egun nagusi den Sanmiel eguna irailaren 29an, astelehenez egokituko baita. Egun seinalatu horren aurreko zein ondorengo asteburu banatan adin tarte eta mota desberdinetako ekitaldiek herri giroa piztuko dute. Dagoeneko kartelaren egilea zein den erabakita dago, datozen egunetan aurkeztuko da jendaurrera.

Aurten aipagarri da jaiak elkarrekin prestatzeko talde edo elkarte desberdinek udal ordezkariekin egindako ahalegin eta bilkurak. Jaiaren atarian gaude dagoeneko eta laster aurkeztuko dute behin betiko egitaraua. Orduan ezagutuko da herriko elkarteek jaiari egin dioten ekarpena.

KARTEL LEHIAKETA
Sanmieletako Kartel Lehiaketaren IV. edizioko irabazlea, bizkaitarra da, Sodupeko Iratxe Maruri Mantilla. Hala erabaki zuen pasa den ostiralean, abuztuak 29, bilduta egon zen epaimahaiak. Garaileak 450 euroko ordainsaria irabazi du.
Inoiz baino parte hartze handiagoa eragin du ekimenak; hamasei hautagaiek 25 lan desberdin aurkeztu dituzte. Herritik nagusiki baina urrunagotik ere kartelak diseinatzera animatu dira; Valentzia eta Kataluniako bi lagun hain zuzen.  Kartel garailea hilaren 18an ezagutaraziko dute.

IÑISTOR JAIA, HILAREN 28AN
Iazko erantzun paregabearen ostean, Iñistor Jaia itzuliko da Sanmieletako egitaraura. Gal ezin litekeen egunpasa prestatu dute Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrekoek. Kantuz eta kalejiran hasiko dute Sanmiel egunaren bezpera, Txanbolin Txistu Banda eta Egape ikastolako dantzariekin. Jai giroak San Juan plazan jarraituko du herri bazkariarekin. Helduek eta haurrek menu bana dastatu ahal izango dute, 25 eta 16 euroren truke hurrenez hurren. Adi, txartelak salgai izango dira eta, irailaren zortzitik aurrera. Sabela beteta, bertsoek hartuko dute protagonismoa. Bertsolari belaunaldi berriko ordezkari finak bildu dituzte antolatzaileek. Uxue Alberdi, Oihana Bartra, Jokin Labaien  eta Aitzol Barandiaran jarriko dituzte lanean, guztiak ere gai jartzaile Amaia Agirreren aginduetara. Lehen edizioko osagaiei, antolatzaileek nobedadeak erantsi dizkiete aurtengoan. Urnietarren prestutasuna saritu asmoz, ohore horrekin izendatuko dute herritar bat.

ALKATE TXIKIAK
Datorren ostegunean, irailak 11, Alkate txikiak aukeratzeko probak egingo dira Lekaion, 19:00etik aurrera. Hautaketatan parte hartzeko, baldintza bakarra bete behar da; Lehen Hezkuntzako laugarren maila hastera doan ikaslea izatea.

ARGAZKI LEHIAKETA
Sanmieletako Argazki Lehiaketa jada IX. ediziora ailegatu da. Egitarauari lotutako erretratuak atera ahal izango dituzte ekimenean parte hartu nahi duten urnietarrek. Argazkiak ateratzen aritu ostean, 5-15 argazki artean aurkeztu behar dira Lekaion. Karreteak datorren irailaren 19an banatuko dira, 19:30etan Lekaion.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!