Krisialdi zantzuak turismoan nabari dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:29

Lasaitasuna, ingurunearekin harreman zuzena, eta gertutasuna jasotako tratuan. Nekazal turismo etxeek duten eskaintza aprobetxatzeko modukoa da, baina aurten gorabeherarik izan dute.

Azken aldian hainbestetan aipatu ohi den krisialdiak guztion poltsikotan eragin du. Berehalako ondorioak nabarmendu dituen sektoreetako bat turismoarena izan da.
Urnietan alojamendua eskaintzen duten nekazal turismo etxeetan dei kopuruak behera egin du. Enbutegin uda nahiko ona izan dutela diote, nahiz erreserba eskaerak gutxitu zaizkien. Betetzeko adina bezero hartu dituzte eta eskaera guztiei erantzuteko moduan izan dira, baina inori lekurik ez dutela esan gabe.

Alojamendu eske aritzen direnak gainera, beste urteetan baino beranduago ibili dira. Oraindik uztaila erdialdean, Montefrion abuzturako logelak betetzeko zituzten.  
Turismoak behera egin duela nabari dute. Kasu gehiagotan bezala, oporretara datozenekin bakarrik ez, langilegoa ere haien bezero poltsako zati garrantzitsua da.
Altzibar Berrin bezala. Bertan, abuztua iazko tankeran igaro badute ere, uztailan beheraldia sumatu zuten. Udazkenari begira egiten dituzten aurreikuspenak ez dira hobeak. Kontuan hartu, ohiko asteburuez gain, abendura arte ez dagoela jai egun bakar bat ere. Altzibar Berritik jakinarazi dutenez, horrek jendea bizi diren lekuetatik ez mugiaraztea ekar dezake, are gehiago krisialdi egoeran bizi garela dioten ahotsak ugaritzen ari diren honetan.
Gainera, inork ez daki datozen hilabeteetan zer gerta daitekeen. Ezjakintasun horrek ez die mesede handirik egiten ostalaritza munduan lanean dabiltzanei. Ler-Argi Hotelak zortzi logela ditu, beteta izaten dituzte gehienetan, baina adierazten dutenez, gaur egun jendea ez dago dirua xahutzeko prest. Uztaila baino abuztu hobea izan dute, baina dei kopurua gutxitu dela diote.

Egoera honetan, lehen uda bizitzen ari den ostaturik bada Urnietan; Guria hain zuzen. Azken asteotan, logelak beteta izan dituzte baina egonaldi luzerik ez; turistek gehienez bost bat egun igarotzen dituzte ostatuan. Haietako asko Donostiatik bideratzen dituzte Urnietara, Gipuzkoako hiriburuan antzeko alojamenduak beteta egoten baitira. Eta lekua duten kasuetan, prezioak oso garesti.

KATALANAK NAGUSI
Ez dago zalantzarik. Inguru hauetara alojamendu bila datozen gehienak Herrialde Katalanetan jaioak dira. Kopuru txikiagoan, Madril edota Alakantekoak. Urrunagotik ere badatoz; Italia eta Frantzia aldetik.

Diotenez, geure inguruetara lehen aldiz datorren turistak esperientzia errepikatzen omen du. Ia hala izaten jarraitzen duen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!