Lehen igoera Belkoainera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:14

Belkoaingo gailurrera igo eta jaitsi, lasterka nahiz oinez. Lehen lasterketa antolatu du Sorabillako jai batzordeak larunbat honetarako. Jon Zabaleta da lasterketaren antolakuntza zuzentzen ari den auzotarra.

Zein ezaugarri ditu lasterketa berri honek?
Jon Zabaleta:
Plazatik irten eta gurutzeraino igotzen da lehenbizi, Erramueta baserria baino lehenxeagotik ezkerretik abiatzen den mendi pistatik gora joanda; gurutzera iparraldetik iristen da eta hegoaldetik jaitsi. Gero, plazara berriro jaitsi behar da, noski. Guztira 8,5 kilometro dira, eta 450 bat metroko desnibela gainditu behar da. Egia esanda, lasterketa Sorabillako zenbait baserrietatik eta Belkoaingo paraje natural politetatik igarotzen da.

Aiurri. Zenbaiteraino da gogorra? Edozein kirolari animatuko al zenuke?
J. Z.:
Proba ez da oso exijentea. Erdi mailako edozein kirolarik egin dezake. Oinez egin beharreko pare bat zati kenduta, gainerakoa korrika txikian egiteko modukoa da. Gure asmoa korrikalari herrikoien parte hartzeari kalitateari baino garrantzia handiagoa ematea izan da. Ez dugu ahalegin berezirik egin eliteko korrikalariak etor daitezen. Sariak-eta ahalik eta banatuenak izaten saiatu gara. Izan ere, mendi lasterketak desmitifikatu nahi genituzke, dohain berezikoentzat mugatzen direla dioen ideia uxatu. Ni neroni erdipurdiko korrikalaria naiz eta astean behin edo igotzen naiz Belkoainera; batzutan motelago bestetan azkarrago, baina arazorik gabe.

A: Goiz parteko ekitaldiak ez dira korrika egitera mugatzen, ezta?
J. Z.:
Lasterketaren eta lasterkarien arteko festa nahi genuke izatea, eta hori lortzeko, irabazleei sariak eman eta guztien artean zozketak egiten diren bitartean hamaiketako goxoa eskainiko da. Bestalde, haurrentzat ere jokoak prestatu dira frontoiaren inguruetan, eta beraz, adin guztietako jendea bertaratuko da Sorabillara. Giro polita sortzeko baldintza guztiak daude.

A: Perretxikoak bezala ari dira sortzen mendi lasterketak azken aldian. Zergatik ote?
J.Z.:
Probak lasterkarien hazkundearen pare doaz. Tipologia ezberdineko korrikalari ugari biltzen da karrera horietan: asfaltoarekin aspertutako footingzaleak, kirolari hutsak, mendizaleak… Nire eskarmentu pertsonala azken horiekin dago lotua: betidanik mendian oinez ibiltzera ohituta, halako batean eta modu naturalean lasterketa eta mendizaletasuna batzen dituen kirola praktikatzera animatzen zara. Horrela, paraje natural gehiagotara eta azkarrago iristen zara, moztu egiten da nabarmenki puntu batetik besterako ibilbidea…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!