Neska eta mutil, korrika elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:13

Kros mistoa aurtengo jaietako berrikuntzetako bat izango da. Harrera bikaina izango duela aurreikus daiteke. Animo korrikalariak!

Inguruko herrietan proba horrek izan duen arrakasta ikusita, Zizurkilen ere saiakera bera egitea erabaki du festa batzordeak. Bikotekako proba izango da, neska eta mutilak osatutakoa. Binakakoa izatea ez ezik, krosaren eguna ere aldatu egin dute egitarauan: lehen lasterketa igande goizetan izaten bazen, orain ostiral arratsaldean izango da. Irailaren 12an, arratsaldeko 19:00etan, hain zuzen. Ibilbideak sei kilometroko luzera izango du eta antolatzaileek adierazi dutenez, “oso laua da egin beharreko bidea”. Joxe Arregi plaza izango da korrikalarien abiapuntua eta helmuga. Krosean izena emateko, lasterketa baino ordubete lehenago azaldu beharko da plazara. Izen-ematea doakoa izango da.

Lasterketaren amaieran, aurreneko hamar sailkatuen artean sariak banatuko dira. Helmugara lehenengo iristen den bikoteak txapela eta afaria jasoko ditu. Bigarrenak, txanpaina eta afaria. Hirugarrenak, ardoa eta afaria. Laugarrenetik hamargarren postura bitarte helmugaratzen diren bikoteek, afariak.

LASTERKETA MISTOAK BOGAN
Eskualdean bigarren proba izango da Elbarrenakoa, Andoaingo San Juan jaietan egin zena eta gero. Andoainen iaz berreskuratu zuten aspaldiko ohitura, neskak eta mutilak bikoteka parte hartzearena alegia.

INKESTA 

  • 1   Kros mistoa antolatu da lehenengo aldiz Zizurkilen. Zer iruditzen zaizu ideia?      
  • 2  Korrika ateratzeko asmorik ba al duzu? 

Rebeka Vicente

  1. Ideia ona iruditzen zait. Gabonetan Gau krosa antolatzen da eta jende askok hartzen du parte, neskek ere bai. Ea oraingoan ere jendea parte hartzera animatzen den.
  2. Nik ez dut lasterketan parte hartuko. Oraindik ez diot inori parte hartuko duenik entzun baina, seguru bat baino gehiago animatuko dela. Koadrilakorik ez, momentuz.
Gorka Granado
  1. Oso ondo. Herriko jaietan horrelako ekintza parte hartzaileak oso garrantzitsuak direla uste dut.    Iaz antzeko ekintzen falta sumatu nuen.
  2. Ez dut parte hartzerik izango; arratsaLdez lanean izango bainaiz eta gainera, lesionatuta bainago. Ahal banu, aterako nintzateke.

Maitane Iraola

  1. Bakarkako lasterketa ere gustuko dut, baina bikoteka, babes gehiago izaten da. Parte hartzera jende gehiago animatzeko aukera ona izan daiteke.
  2. Dudan nago. Orain arte ez nekien ezer eta oporretan ez dut batere entrenatu. Hala ere, sei kilometro asko ez direnez, agian animatuko naiz.

 

Julian Galarza

  1. Ondo iruditzen zait. Lehen ere antolatzen zen krosa, baina bakarkakoa. Emakume gehiago animatuko da oraingoan.
  2. Urte guztian zehar ibiltzen gara korrika eta kros mistoan ere parte hartuko dut. Koadrilako neska bati esan diot eta baiezkoa erantzun dit.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!