Sorabilla auzunea jaietarako prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:10

Ostiralean hasi eta astelehena bitarte, hainbat ekitaldi antolatu da Sorabillan bertako auzotarren eta inguruko festazaleen gozamenerako.

Asko zaindu dute egitaraua aurten ere jai batzordea osatzen duten auzotarrek. Ez da erraza gauza berriak eta erakargarriak sortzea urtero, baina lortu dute zenbait ekitaldiren eskutik. Horien artean, ostiralean bertan jaiei hasiera emango dion ikuskizuna aipa genezake. Arratsaldeko 20:00etan, txupinazoaren, suzirien eta kanpai errepikaren ostean, Naturaren Hotsa-Bihotzetik izeneko ikuskizuna ikusi ahal izango da.

NATURAREN HOTSAK ikuskizuna, hasteko
Hogei minutu inguruko ikus-entzunezko emanaldia da, eta bertan Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez txalapartariek osatutako Oreka Tx taldeak parte hartuko du; ez da ahaztu behar Sorabillako auzotarra dela bigarrena. Aurten hasi dira auzotarrak “Sorabillatarren Bihotza” izeneko parkea eraikitzen eta horren haritik dator ikuskizuna. Ikusteak benetan merezi duela adierazi da jai batzordeko ordezkariek.

MALKAR KROSA
Aurtengo berrikuntzekin jarraituz, Belkoaingo mendi krosa aipatu behar da. Malkarrean gora malkarrean behera izan arren, korrika eta mendizaletasuna maite duen orok parte hartzeko deia egin da; irteeran ahalik eta parte hartzaile kopuru handiena biltzea omen da garrantzitsuena, ez nor zein denboratan iristen den helmugara. Hamaiketakoa eskainiko da lasterketa amaitzeko, eta haurrentzat ere makina bat joko antolatu da plazan.

AITOR MENDILUZE TXAPELDUNARI OMENALDIA
Bestalde, Aitor Mendiluze da aurtengo omenaldi herrikoiaren protagonista. Gipuzkoako bertsolari txapeldunari egokitu zaio urtean zehar herrian nabarmendu den gizabanako edo taldeari eskaini ohi zaion gorazarrea jasotzea. Ugari dira bera goratzeko azaldu diren arrazoiak; besteak beste, Sorabillan antolatzen diren ekintzetan gustura parte hartu ohi duela, bertako hainbat ekitalditarako idatziak eta bertsoak prestatu izan dituela, eta nolaz ez, bertsolaritzan Andoainek sekula eman duen mailako bertsolarietakoa dela.
Gainerakoan, egitarauan ez dira faltako jada ohiko bihurtu diren ekitaldiak: zikiro jatea 200 lagunentzat; haurrentzako puzgarri eta jolasak; emakumeen erakustaldia herri kiroletan (Marijose Sardon Euskadiko harrijasotzaile txapelduna tartean); meza, ondorengo hamaiketakoa eta bertsolariak; berbenak; sardin jateak; patata tortilla txapelketa…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!