Elbarrenako jaiak, berrikuntzaz beteta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko ira. 3a, 19:08

Zizurkilgo festa batzordeak prest dauka aldaketa ugari dakartzan jai egitaraua. Gari Iturbe eta Miriam Segurado batzordekideek eman dituzte azalpenak.

Zizurkilgo koadrila ugari bildu da aurten jaiak antolatzeko. Batzordekideak gustura agertu dira bileren erantzunarekin baina, jende gehiago elkartzea hobe litzatekeela azaldu dute, “herritarren partaidetza sustatzeko asmoz, deia egin genuen herrian. Jendeak, oro har, erantzun du. Herriko festak baldin badira, herritarrek bideratzea da zuzenena”. Hurrengo urteei begira, batzordea lehenago elkartzea egokiagoa litzatekeela uste dute, “kontuan hartu behar da jaiak jendea lanean hasten den garaian izaten direla. Antolakuntza lanekin bizpahiru hilabete lehenago hasten bagara, uda egokitzen da erdian eta zaila izaten da musikari edo bestelako taldeekin harremanetan jartzea”.

Jaiak, bi asteburutan banatuta
Egitarauko berrikuntza nagusia, jaiak bi asteburutan banatu izana da, “herritarrek jaiak hobeto aprobetxatzeko aukera izan dezaten hartu da erabaki hori nagusiki; astean zehar jai egitea, asteburuan egitea baino zailagoa baita. Inguruko herrietako jendea ere errazago gerturatuko dela uste dugu”. Bestalde, Zizurkil herriari zuzendutako kantua sortu dute Iker Goenaga eta Beñat Barandiaran musikariek, “Zizurkilek, orain artean ez zuen kantu propiorik. Kantua ez da jaietan soilik entzungo baina, txupinazoaren ondoren aurkeztuko da. Guztiontzat izango da sorpresa”. Kantua herriko tabernetan banatuko da eta herriko jaietan ez ezik, urte guztian zehar entzun ahal izango da.

Kantu kale, kalez kale
Txupinazoaren ondoren, herritarrak kantuan aterako dira kalez kale. Kantu kale egitasmoak indarra hartu du azken boladan Zizurkilen. “Iaz egin zen lehenengo aldiz eta arrakasta handia izan zuen. Oso giro polita sortu zen eta herritar askok hartu zuen parte”. Lehen gauean, koadrila ugari biltzen duen herri afariaren ondoren, ekintza ezberdinak izango dira, tartean gau jolasak eta karaokea. “Aurretik herri afaria izango dela kontuan hartuta, jendeak lotsa gal dezake. Ea!”. Egitarauko berrikuntzen artean, bigarren eskuko azoka ere aipatu behar, “plazan mahaiak jarriko dira eta nahi duena salgai jartzeko aukera izango du edonork”. Irailaren 12an, gazte bazkaria antolatu dute, “Aurrera plazan bazkaria, jokoak eta musika izango dira lehen larunbatean”. AHTaren inguruan ekintza bat baino gehiago antolatu dute jaietan, “irailaren 6an manifestazioa egingo da eta irailaren 12an gurpil poteoa. Jendeak gaiarekiko kontzientzia hartzea da helburua”. Gauetan dantzaldiak eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Baita film emanaldia ere; “irailaren 9an Aupa Etxebeste filma ikusgai izango da Joxe Arregi plazan. Euskara sustatzeko asmoarekin aukeratu dugu film hori”. Irailaren 12an, erantzun zabala izatea espero duten kros mistoa izango da. Biharamunean, herri bazkaria eta parte hartzea bultzatu asmoz, pentatloia segidan. Proben artean, asto karrera. Gauean, berriz, mozorro festa. Gaia librea. Animo eta festara!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!