Hamaiketako herrikoiaren prestaketa lanak, udalak, Katillutxo elkartearen esku utzi ohi du. Eta esku horiek, elkarteko kideenak alegia, onak behar dute izan. Jendea oso gustura zegoen eta jai giro ona zen nagusi. Hala ere, batzuek gozatu ahal izateko besteek lan egin behar eta sei bat lagun aritu ziren sukaldari lanetan. Atsedenik gabe jardun ziren elkartera gerturatu ziren guztientzat salda, haragi eta txorixo egosia prestatzen. Argi geratu zen, Larraulen, sukaldean ere fin aritzen direla.
Ondoren, eguerdiko ordu batak aldera, bestelako ikuskizun batek hartu zuen txanda. Plaza ondoko belazean, ahari-jokoa izan zen ikusgai. Martin Arizeta eta Martin Otaegiren sei ahariek ikusmina sortu zuten herrian.