Igandeko meza nagusiaren ostean, zimiterioan bazegoen zer ikusia eta jende ugari inguratu zen bertara. Bertso eskolako gaztetxoak izan ziren lehenak beren trebeziak erakusten. Zortzi lagun aritu ziren bertsotan; erdi-lotsatuta hasieran, konfiantza handiagoarekin amaieran. Guztien artean aurrez prestatutako lau bertso abestu zituzten; honela zioen azkenak:
Bertso-eskolak eman
du lehen urratsa
nahiz ta jende aurrean
estutu arnasa
gora zizurkildarrak
ta herriko plaza
azken eguna da ta
ondo-ondo pasa.
Aipatu bezala, bertso eskolakoek eman zuten lehen urratsa, bigarrena berriz, pilotariek. Hiru maila ezberdinetako partidak jokatu ziren zimiterioan. Txikitxoenekin hasi ziren partidak; prebenjaminen kategorian aritu ziren Julen Alberdi eta Adur San Sebastian, Xabi Lasa eta Andatz Urkolaren aurka. Lehen bikotea gailendu zen 16 eta 7. Bigarren pilota partidan benjaminen txanda izan zen; Aritz Ezeiza eta Irati Egibar batetik, Eñaut Egibar eta Itsaso Erasun bestetik. Azken hauek irabazi zuten 16 eta 7. Eta amaitzeko, bikote alebinen norgehiagoka izan zen. Peru Labaka eta Jokin Arregi nagusitu ziren 16 eta 8, Mikel Garin eta Jon Erasunen aurka. Kiroltasun handia erakutsi zuten pilotari guztiek; eta txalo artean, bakoitzari garaikur eta pilota bana eman zitzaizkien.
Pilotariek herriko musikariei pasa zien erreleboa azkenik. Bost trikitilari eta zazpi pandero jolek, euren doinuekin igande goiza borobildu zuten. Gaztetxoenak, beraz, protagonista jaietako azken egunean.