Aspaldiko urtetan antolatzen den ekimena da sagardoa dastatzearena. Jendeak gustuko duen hitzordua da eta hori ederki antzeman zen. Asko izan ziren Adunara gerturatu ziren lagunak. Joseba Aburuza antolatzaileetako batek kontatu bezala, 30 urte inguru daramatzate sagardo dastaketa antolatzen; eta jada urteroko ezinbesteko zerbait bilakatu da.
Gehiengoa, sagardoaz gozatzen ari zen bitartean, beste lagun talde bat, sukalde-lanetan aritu zen frontoian. Goizean goiz ekin zioten lanari eta aurtengoan ere, hutsik egin gabe txekor gozoa prestatu zuten. Joseba Aburuzaren esanetan, sagardo dastaketa bezalexe, txekor-jatea ere azken 30 urteetako ohitura da. Jendearen partehartzea handia izan ohi da eta hori poztekoa da; normalean, 140 pertsona inguru biltzen direla azaldu zuen. Beraz, Andramari jaiak behar bezala bukatzeko, Adunan, ez zen jan-edanik falta izan.