Sasoi betean aritu ziren zizurkildarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abu. 17a, 12:49

Eguraldia ez zuten lagun izan baina honek ez zuen urteroko kirol-zita zapuztu Zizurkilen. Ezegonkortasunaren aurrean, udaletxe ondoko belazean beharrean, frontoian egin zituzten herri kiroletako probak. Honela, hamazazpi partehartzaile elkartu ziren kantxaren erdian. Eta hauen erakustaldiaz gozatzera gerturatu ziren ikusleak ere asko izan ziren.

Neska-mutil, gazte-heldu, esan bezala, hamazazpi lagun bildu ziren orotara herri kiroletako probarako. Bi taldetan banatu ziren; batzuk elastiko grisaren aritu ziren, besteak, berriz, koloredunarekin. Talde griseko partaideak ziren, Unai Mendizabal, Naiara Otaegi, Mikel Ugartemendia, Maialen Geresta, Nekane Argaia, Iñaki Urkola, Lierni Aburuza, Aratz Alkorta eta Auritz Alkorta. Koloredunen taldea osatzen zutenak, berriz, honako hauek ziren; Xanti Loidi, Leire Olazabal, Josu Lizarazu, Unai Otaegi, Jon Lizarazu, Aitor Sarasua, Juanito Geresta eta Aitziber Ibarbia.

Herri kiroletako probak bi zatitan banatu zituzten. Hasteko, bost joko ezberdin egin zituzten eta bakoitzean puntu bat jokatu zuten. Honela, lehenik lokotsak bildu behar izan zituzten. Bigarren lan bezala, sagarrak jaso zituzten; ondoren zaku-karrera, trontza segidan eta amaitzeko lasto fardori bost altxaldi egin behar izan zizkion talde bakoitzak. Lan hauek banan-banan egin ostean, puntuak modu honetan geratu ziren; talde grisak 3 eskuratu zituen, koloredunak, berriz, 2.

Jarraian, aurrez banaka egindako froga guztiak elkarren segidan, erreleboka egin behar izan zituzten. Proba honetan 3 puntu jokatu ziren, eta lehia bizi eta orekatuaren ostean, talde koloredunak poltsikoratu zituen garaipena eskuratuz. Talde grisak 3 puntu; koloredunak 5. Amaieran, giro bikainak bultzatuta, punturik balio ez bazuen ere, sokatiran neurtu zituzten oraindik ere agortu gabe zituzten indarrak. Neurketa honetan ere koloredunak gailendu ziren. Baieztatuta geratu zen sasoi bete-betean aurkitzen zirela.

Mikel Egibarri omenaldia

Herri kiroletako saioaren amaieran 18/98 auziagatik espetxeratu zuten Mikel Egibar omendu zuten. Zizurkilgo herri kiroletako taldearen sortzaileetako bat izanik, gogora ekarri nahi izan zuten herritarrek. Honela, Zizurkilgo Herri Kirol taldeak, Gipuzkoako Herrien Xiba Jaialdian lortutako laugarren postu hura Mikel Egibarri eskaini nahi izan zion.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!