Baserriz baserri ibiliz hasi zituzten Goiburuko jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abu. 4a, 19:18

Uztailaren azken egunean hasi ziren Andoaingo Goiburu auzoko jaiak. Nagikeriak albo batera utzi eta goizean goiz ekin zioten jaiari. Seiak eta laurdenetan abiatu ziren baserriz baserri oilasko biltzaileak. Umore onean eta trikitixaren doinuaz lagunduta, eguerdira bitartean ibili ziren.

Aspaldiko urteetako ohitura da Goiburun baserriz baserri oilasko biltzen ibiltzea. Estebe Lopez de Munain, jaietako antolatzaileetako baten arabera 25 lagun ibili ziren hara-hona; eta orotara, 80 baserri baino gehiago pasa zituzten.

Oilaskoak biltzera joaten direla esaten bada ere, finean, ez dituzte oilaskoak jasotzen. "Gutxi gorabehera, orain hiru urte inguru, oilaskoak ez biltzea erabaki genuen. Polemika eta eztabaida ugari sortu zen horren inguruan eta azkenean, beste zenbait herritan bezalaxe, ez egitea erabaki zen" azaldu zuen Estebek. Alabaina, auzoko baserrietara joatearen ohitura mantendu nahi izan zuten. "Orain baserri bakoitzean, dantza egiten diegu bertakoei; eta urte honetan hildako familiarrik izanez gero, errezoa ere egiten dugu. Ondoren hamaiketako ematen digute eta segidan, hurrengo baserrirantz abiatzen gara" adierazi zuen Estebek.

Ia arratsaldeko hiruretan ailegatu ziren ongi merezia zuten bazkarira. Nekea ere antzematen zitzaien aurpegian, beraz, gustura hartu zuten San Esteban jatetxeko eserlekua eta bertako jan-edana. Eta oilaskorik bildu ez bazuten ere, oilasko gozoa dastatu zuten auzoko gazteek.

San Esteban egunean, besteak beste, pilota partidak

Hamabietako meza nagusiaren ostean hasi ziren Andoaingo pilota eskolakoen gazteen pilota partidak. Jende asko bildu zen Goiburun; bai meza nagusian baita pilotalekuan ere. Eguraldia lagun, jai giroa ere aparta.

Bi pilota-partida jokatu ziren. Lehenik, 10-12 urteen arteko lau gaztetxo aritu ziren norgehiagokan. Bikote urdina, Mikel Arruti eta Mikel Arberazek osatu zuten. Gorria, berriz, Imanol Usandizaga eta Aitor Gaztañagak. Partida orekatua izan zen oso, baina bikoteetako batek irabazi behar eta azkenean urdinak gailendu ziren. Arruti-Arberaz 18 eta Usandizaga-Gaztañaga 17.

Bigarren partidan, 16-17 arteko gazteak lehiatu ziren. Unai Maiza eta Jon Beloki, bikote gorria batetik eta Eneko Aizpurua eta Unai Etxeberria, bikoteko urdina bestetik. Hauen partida 22 tantora izan zen, eta lanak txukun eginda bikote gorria nagusitu ziren. Maiza-Beloki 22  eta Aizpurua-Etxeberria 16.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!