Goizeko hamaiketan haur ugari bildu ziren frontoian; aspertzeko betarik gabe ibili ziren batera eta bestera. Bi puzgarri handi jarri zituzten; oinetakoak kendu eta gustura ibili ziren jauzika eta zilipurdika. Txikitxoenentzat, triziklo moduko batzuk zeuden eta piboteak saihestuz, zirkuituan biraka ibili ziren. Baina gaztetxo gehien erakarri zuen gunea, bideo-jokoena izan zen. Zortzi telebista pantaila handi jarri zituzten bata bestearen segidan. Joko ezberdin ugari, berrietan berrienak. ...tentazio handia asko eta askorentzat.
Eguerdiko ordu-batean, berriz, Haurren Duathloia egin zen. Partehartzaileak ez ziren asko izan; nonbait, Larraulgo gaztetxoek frontoian agortu zituzten indar guztiak. Hala ere, lasterketa egitera animatu ziren guztiek lan txukuna egin zuten. Korrika eta bizikletan egin beharreko ibilbidea egin ostean, freskagarriak banatu zizkieten.
Segidan, indarrak errekuperatu eta arratsaldean berriz ere frontoiko jolasetan aritzeko, Katillutxulo elkartean bazkaria izan zuten haurrek. Atseden pixka bat hartu ostean, lauretarako prest ziren frontoi atarian.
Herriko txikienentzat, festak hasiak zeuden jada; modu onean gainera. Baina ofizialki, zazpietan, Pello Joxeperen jaitsiera eta suziaren eztandarekin batera hasi ziren.
Zein luzera ote du kañaberak
Lehen aldiz aurten, lehiaketa berezi bat ere antolatu zuten Larraulen. Festen lehen egunean, udaletxeko balkoian, kañabera bat jarri zuten. Helburua, kañaberaren luzera zehatza asmatzea zen. Horretarako, herriko tabernetan, kaxa moduko batzuk jarri zituzten eta euro baten truke txarteltxo bat eros zitekeen. Bertan kañaberaren ustezko luzera jarri eta izen abizenekin batera, txartela kaxara bota behar zen. Jaien azken egunean, luzera zehatza jakinarazi zen eta kañaberaren neurria asmatu zuenak, kaxetan jasotako diruaren erdia irabaziko zuen.