Asteasuarrak garaile Xiba lehiaketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abu. 4a, 13:43

Santio egunez jokatu zen Villabona-Amasa eta Asteasuren arteko Xiba lehiaketa. Lehia oso orekatua izan zen baina sokatirako azken frogan jokatu ziren bi puntuek, Asteasura eraman zuten garaipena. Ez zen, ordea, lan erraza izan. Villabonatarrei ez zitzaien antzeman zazpi egunetako jaien zama eta nekerik; fin aritu ziren guztiak ere.

Errebote plaza jendez gainezka zegoen eta itzalguneak preziatu bilakatu ziren. Eguzkitan baino hobeto egoten zen itzalpean. Baina partehartzaileek ez zuten hori aukeratzerik izan eta ederki sufritu behar izan zuten bero zakarra. Hotz ala bero, jaietako azken eguna izanda ere giro ederra sortu zen Villabonako plazan. "Landa" aita-semeen musikaz lagunduta, ikusle ugari gerturatu zen Xiba lehiaketaren nondik-norakoak jarraitzera.

Sasoi onean zeuden lehiaketan parte hartu zuten hogei eta lau partaideak. Hamabi talde bakoitzeko, sei mutil eta sei neska.. Elastiko horiarekin Villabona-Amasako partaideak aritu ziren. Nesken artean ziren Oihana Iguaran, Izaro Otaegi Gibitegi, Itziar Uzkudun, Zuriñe Villa, Miriam Arana eta Olatz Ugartemendia. Mutilak, berriz, Eneko Ugartemendia, Jokin Etxeberria, Arkaitz Arretxe, Aritz Garin, Manex Castro eta Ioritz Galarraga.

Asteasuarrek, elastiko urdina zuten. Nesken seikotea osatu zuten Arantxa Alkizalete, Joxepi Esnaola, Olatz Albisu, Arantxa Azurmendi, Larraitz Alkorta eta Naroa Gerestak. Mutilen artea ziren, Mikel Alkorta, Iñaki Zubeldia, Jon Beobide, Joseba Txapartegi, Aitor Urkola eta Anjel Elosegi.

Abuztuaren 31an jokatu zen Xiba lehiaketa, ez zen izan herri kiroletako froga soila. Ez ziren alde bietakoen indarrak soilik neurtu. Herri kiroletako ohiko frogez gain, bestelako jokoak ere egin behar izan zituzten partehartzaileek.

Lehia oso orekatua

Lehenengo saioan, harriari hamabi altxaldi egin behar izan zizkioten, ingudeari hamabost, lastoari lau eta lasterka plazari, bi buelta. Eta guzti hori egiten lehena Villabona-Amasako taldea izan zen.

Bigarren saioan, trontzan aritu ziren, lokotxak ere bildu zituzten, txingan eta zakuak eraman zituzten. Bigarren proba honetako puntua, asteasuarrentzat izan zen, honela berdinketa lortuz.

Berriz, ere lehenengo saioko proba berak errepikatu zituzten eta ostera ere, Villabona-Amasakoentzat izan zen puntua. Ondoren, bigarren saioan egindako lanak ere errepikatu zituzten, eta Asteasu izan zen garaile, honela binako berdinketa lortuaz.

Giroa pil-pilean zegoenean, bestelako jokoetan aritzeko unea iritsi zen. Tokan, xiban eta dantzan aritu ziren. Tokan, distantzia eta indarrak neurtzea ez zen erraza izan baina Villabona-Amasako bikotearentzat izan zen puntua. Xiban, asteasuarren taldeko mutilak egindako bi tiraldi bikainekin, puntua poltsikoratu zuten. Xiba, biraka eta biraka, geratuko ez zela uste zuenik ere bazegoen. Eta segidan, hankak fin-fin mugitzeko unea iritsi zen. Arin-arina eta fandangoa dantzatu behar izan zituzten talde bakoitzeko bikote banak. Epaileen arabera villabonatarrak hobekiago aritu ziren eta eurentzat izan zen puntua. Gauzak honela, Villabona-Amasako taldeak 4 puntu zituzten bitartean, asteasuarrek 3 zituzten. Baina azken frogan, hain justu ere, sokatiran jokatu ziren 2 puntuak Asteasuk eraman zituen eta honela, Xiba lehiaketako garaile egin ziren.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!