Etxeberrietako jaien azken egunean emozioa nagusi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko abu. 1a, 19:06

San Inazio egunez amaitu ziren Andoaingo Etxeberrieta auzoko jaiak. Bukatu bai, baina ez edonola. Bazkari paregabea, "Los Rubi" taldearen musika dantzagarria eta omenaldiak izan zituzten jaien azken txanpan.

Eguerdiko ordu-bietan zuten bazkarirako hitzordua; eguzkiak indarrik handienarekin jotzen zuenean. Baina bero handi haren aurrean, itzalpea bilatu eta hantxe jarri zituzten mahai guztiak. Bazkaria, arrakastatsua izan zen oso. Patxi Muños Boni antolatzaileetako batek azaldu bezala, "120 lagun inguru elkartu gara auzoko lagun talde batek prestatutako Marmitakoa eta txuletak jatera. Auzo bat izateko, nik uste, jende kopuru polita dela; ezin gara kexatu".

Auzo-bazkaria bertoko zein kanpokoentzako zegoen irekia. "Bazkarira gerturatu den gehiengoa, beharbada, Etxeberrietan bizi da. Hala ere, auzoan jaio baina une honetan beste herri batean bizi direnak ere etorri dira. Azken batean, urteroko ohitura bihurtu da" jakinarazi zuen Boni-k.

Bazkaria aurrera joan ahala, giroa ere biziagotzen joan zen. Eta nola ez, kantuan ere aritu ziren Etxeberrietako auzokideak. Inor abestu gabe gera ez zedin, abestien letrak banatu zituzten. Eta noski, San Inazio eguna izanik, ozen eta ongi abestu zuten "San Inazioren martxa".

Aurtengoan, bi auzokide omendu zituzten

Kantu-saioaren ostean, berriz, emozioa nagusitu zen Etxeberrietan. Auzoko bi lagun omendu zituzten; Manolo Garcia eta Nikolas Urrutia.

Urtero, 80 urte ingurutik gorako auzokide bat omendu ohi dute. Aurtengoan, Manolo Garcia izan zen. Ustekabe handia hartu zuen eta pozik bezain hunkituta agertu zen jendaurrera.

Beste omendurik ere izan zen, ordea. Nikolas Urrutia eta bere senitartekoei eskerrak eman nahi izan zizkieten auzokideek. Hemezortzi urtetan, Nikolas aritu izan da Etxeberrietako jaiak antolatzen, eta aurten, lehen aldiz, erreleboa pasa die beste auzokide batzuei. Etxeberrietagatik egin duen lana goraipatuz, zilarrezko plaka bat jaso zuen Nikolasek. Eta berarentzat ezinbesteko laguntza izan diren emazteari eta alabari, lore sorta eder bana eman zieten.

Nikolas Urrutiarentzat, ezusteko handia izan zen bera eta bere familia omendu izana. Urrutiak esan zuenez, gutxitan geratzen omen da zer esan ez dakiela; baina emozioa nagusitzen denean, sarritan hitzak falta ohi dira. Hona hemen, Nikolas Urrutiaren adierazpen zenbait:

-Zer moduz sentitzen zara auzokoek omendu ostean?

Izugarri pozik. Urte askotan ahalegin handiak egin ditut Etxeberrietako jaiak antolatzeko, baina ez nuen horrelakorik merezi. Eta argi dut, emaztea eta alabak lagundu ez bazidaten oso zaila izango zela.

- Jaiotzez al zara Etxeberrietakoa?

Ni orain 66 urte jaio nintzen Etxeberrietako Larramendi kalean. Lekuz aldatzeko aukera ere izan genuen, baina inondik ere ez nuen nahi. Nire etxea Etxeberrieta da, bakarra da eta kuttuna dut oso.

- Zer dira Etxeberrietako jaia zuretzat?

Gehien bizi ditudan festak dira; zoriontsu egiten naute. Eta hemezortzi urteren ostean, aurten lehen aldiz antolatzen ibili ez banaiz ere oso pozik nago. Generazio berria ilusioarekin ikusten dut eta denak elkartuta, aurrerantzean ere horrelaxe jarraitzea nahiko nuke.

-Beraz, antolatzen ez bada ere, jai-giroan ibiliko zara?

Aurten hasi naiz ni festa ongi bizitzen. Hemezortzi urtean lan egin dut eta orain bizi egin nahi dut festa; lasaiago eta beste modu batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!