Bai Eukal Herriari! taldearen prentsaurrekoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 18a, 11:42

Santio jaietan etxeko balkoi eta leihoetanIkurriña jartzeko deia eginez, prentsaurrekoa eskaini zuten atzo Bai Euskal Herriari! taldeko kideek. Herriko hainbat koadrilek, elkartek eta taldek babesa erakutsi zuten ekimenaren aurrean. Ondorengo idatzia irakurri zuten:

Geurea Ikurriña!

Nazio bat garam Euskal Herria 21000 km2 eta 3000000 euskal herritarrek osatzen dugu. Gaur egun, bi estaturen baitan kokatzen duten euskal nazioa, lau administrazioetan dute zatitua. Gure izate eta nortasuna ezabatzea helburu izanik, oso modu eta forma ezberdinetan tratatzen gaituzte administrazio bakoitzaren baitan:
    Lapurdi Behe Nafarroa eta Zuberoan; Ikurriña mamiz hustu eta folklorearen baitan ito nahi duten ikur gisa darabilte, betiere izaera ofizialeko kokaguneetatik urrun.
    Nafarroa Garaian; Ikurriña legez debekaturiko ikurra da. Beraz ez dago euskal ikur hau eraikin publikoetan agertzerik. Gainera, lurralde hori kudeatzen duten administrazioetatik, eraikin publikoetan espainiar ikurra jartzera behartu dituzte.
    Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berriz, espainiar agintearen menpeko ikurra dela agertu nahian, legez behartu nahi gaituzte instituzio publiko guztietan Ikurriñaren alboan espainiar bandera jartzera. Eta horren adibide izan dira Bilboko eta Donostiako Udaletan gauzatu duten inposaketak.

Euskal Herria desagerrarazteko edozein arma erabiltzeko prest daude: horien artean ikur arrotzen inposaketa eta gure ikurren desitxuratzea nahiz debekua darabilte.

Geurea Ikurriña! Ikurriñak Euskal Herri osoa eta euskal gizartearen gehiengoa batzen duen bitartean. Espainiar banderak, inposaketa, errepresioa eta erabakitzeko dugun eskubidearen ukazioa barnebiltzen ditu. Hego Euskal Herrian, gatazka eta talka sortzaile den ikurra da bandera espainiarra. Horregatik gure ustean, euskal instituzioetan Ikurriñak egon behar du beste euskal ikurrekin batera eta ez inposaturiko atzerriko banderak.

Jaietan Ikurriña jartzeko deia
Villabonako herritarrei Santio jaietan etxeko balkoi eta leihoetan Ikurriña jartzeko deia egiten diegu. Santioetan ere, geurea Ikurriña!
Bestalde, jaietan zehar Ikurriñaren aldeko babes adierazpena sinatzeko aukera izango da. Ikurriña eskuratu nahi duenak, aukera izango du herriko hainbat okindegitan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!