Diana, festarako deia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 12:05

Villabonan, herri guztietan bezalatsu, dianaren tradizioa XIX. mendean sortuko zela uste du Agustin Laskurain txistulariak. Berak azaldu du antzinako ohitura horren berri.

Antzina, egungo dianak ez ziren izen horrekin ezagutzen, “alboradak izaten ziren, gaur goiz-eresiak esaten zaienak. Diana Nafarroa aldean esaten zaio gehiago”. Antzina eta egun, jaietan soilik jotzen dira, “festetan beti eta, biribilketa jotzen da gehienetan, erritmo alaia duelako”. Hala ere, tradizio handiagoa goiz-eresiko zortzikoak duela azaldu du Agustinek, “zortzikoak dauka benetako tradizioa. Herri askotan mantentzen da ohitura hori oraindik: Donostian, esaterako, igandero jotzen dugu guk eta Tolosan, Irunen, Ordizian edo Hondarribian ere jotzen da, besteak beste”. Zortzikoak, euskal musikaren baitan, erritmo berezia dauka, “bost/zortziko konpasa du eta euskal erritmo berezienetakoa dela esan daiteke, Ezpata-dantzako erritmoarekin batera. Erritmo ezohikoak dira. Kanpoko musikariek entzuten dituztenean harrituta geratzen dira”.

Diana eta alborada
Dianak herriko jaietan jotzen dira. Garai bateko alboradak ere bai. “Hemen eta ia Euskal Herri osoan alboraden zentzu hori galdu egin dela uste dut. Egunsentian jotzen zen alborada eta etxez etxe joaten ziren txistulariak: alkatearen etxera, zinegotzien etxera, apaizarenera, medikuarenera…”. Hainbat lekutan soldataren gehigarria jasotzen zuten orduan. “Txistulariak garai hartako jauntxoen etxeetara joaten zirenean, dirua jasotzen zuten. Kafea hartzera ere gonbidatzen zituzten”. Baserriz baserri egiten zen beste alborada mota bat ere bazegoen, “pusken bilketarekin erlazionatuta zegoen. Gazteak baserriz baserri puskak –oilaskoak, esaterako– jasotzera joaten ziren txistulariekin, gero otordua egiteko”. Amasako festetako alboradan, baserriz baserri ibiltzen ziren txistulariak, goizeko 05:00etan edo 06:00etan hasita. Santio jaietan, berriz, Santio eta San Inazio egunetan izaten zen alborada. Ez zen, ohi bezala, goizean izaten; bazkalondoan baizik. 15:00ak aldera hasten ziren eta garaiko jauntxoen etxe azpietan jotzen zuten txistua. Aitak ohitura hura aspaldi galdu zela esaten du”, azaldu du Agustinek.

Villabonako musika banda
Herriko musika bandak pisu handia zuen garai batean Villabonan. “Dulce despertar, herriko doinurik ezagunena Luis Oharretxena musikari villabonatarrak konposatu zuen. Gogoan dut gaztea nintzela, nola Santa Ana egunean pieza hori entzutera jaikitzen nintzen. Garai hartan Incansables txarangak jotzen zuen; nik ez nuen musika banda ezagutu”. Lehenengo txistulariak ateratzen ziren kalera eta ondoren musika banda, ordu ezberdinetan. “Kalejira haien zentzua herritarrak festara gonbidatzea zen”. Agustin txistulari familiako kide da eta Villabonako dianetan behin baino gehiagotan hartu du parte. “Nire aitak, aitonak eta senitartekoek urte askoan jo zuten txistua, baita Santiotan ere. Nik 18 urtera arte jo nuen Villabonako festetan. 15 urterekin hasi nintzen Donostian jotzen eta hemengoa utzi egin nuen gerora”.

Aurten ere bai
Udal korporazioak, Santio egunean urtero egiten du Santio egoitzara bisita, “beti txistulariekin lagunduta joaten dira, txistulariak aurretik”. Urtetan errotutako beste ohitura bat ere bazen Villabonan, “San Inazio egunean Iparraldeko pilotariak Villabonara etortzen zirenean, ongietorria egiten zitzaien Izkina parean. Gero pilotariak, Udaleko kideak eta herritarrak udaletxeraino etortzen ziren, txistulariekin batera. Doinu propioa zuen pilotarien ongietorriak: Pilotariei ongi etorria. Ohitura hori galdu egin zen, Behar Zana elkarteak 50. urteurrenean berreskuratu bazuen ere”.

Aurtengo jaietan, uztailaren 25ean, 26an eta 31n izango da diana. Santio txistulari taldea desagertu egin zenez, txistularien ordez, Loatzo musika eskolako dultzaina-joleak arituko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!