Txupinazoa, egun handiaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:48

Talde berria da Hutsunea betez, 28 emakumek osatzen dute. Ekintza berriak egiteko gogo biziz dabiltza. Aurten euren gain izango da jaien hasierako suziria jaurtitzea.

Hutsunea betez taldea Amasa-Villabonako emakumeek elkartu eta espazioa elkarbanatzeko zeukaten beharra ikusita sortu zen. Era berean, bakoitzaren burua zaindu eta genero biolentziaren gaia lantzeko asmoarekin ere sortu zen taldea. “2007 urteko azken hiruhilabetean Autoestima ikastaroa egin genuen eta aurrera begirako ateak zabaldu ziren orduan. Ikastaroko partaideon artean harreman estua sortu zen eta talde bezala aurrera jarraitzea erabaki genuen”. Azken hilabeteotan ekintza mordoa egin dute: mendira, Gaztelugatxera, talasoterapiara edo Sanferminetara irteera, risoterapia ikastaroa… Taldekideak asteartero biltzen dira 15:00etatik 17:00etara eta gustura sumatzen dira. “Oso gustura elkartzen gara eta ekintza berriak egiteko gogoz gaude”. Hurrengo ikasturteari begira, ekintza ezberdinak pentsatzen ari dira. “Une honetan dirulaguntzen eskaerak prestatzen ari gara, Emakunderi eta Foru Aldundiari begira.

Ekintza berriak egiteko gogoa
Topalekuari dagokionez, momentuz Udaleko gela polibalentean biltzen dira. Elkartzeko leku egokiagoa nahiko luketen arren, hasiberriak direla diote, “eskaerak egin ahal izateko, emaitzak agerian utzi behar dira lehenengo eta egiten dugun lana erakutsi”. Lanerako gogo biziz daude eta gero eta emakume gehiago elkartzen ari da taldera, “hasieran 13 emakumerekin osatu genuen taldea. Dagoeneko 28 taldekide gara. Badakigu, gainera, jende gehiago dagoela parte hartzeko gogoz”. Taldea irekia da eta nahi duen orori etortzeko deia egiten diete taldekideek, “arrazoi askogatik bakarrik senti daitezkeen emakumeei egiten diegu deia bereziki”. Datorren ikasturteari begira hazkuntza pertsonalarekin lotutako hainbat ikastaro darabilte buruan, “formakuntza eta lanketa batetik eta risoterapia bestetik. Taldea aurrera atera eta nola lan egin ondo jakiteko ikastaroa ere egingo dugu”. Aurten bezala, irteerak antolatzen jarraitzeko asmoa dute eta Emakume langilearen egunean astebeteko ekintza sorta antolatu nahi dute. “Azaroaren 25ean, genero indarkeriaren aurkako nazioarteko egunean ere ekintzaren bat antolatzea beharrezkoa dela uste dugu. Hor gaudela erakutsi behar dugu”.

Globo gorri eta txuriak
Santioak iragartzeko txupinazoa botatzea eurei egokitu zaie aurten. “Festa batzordetik egin ziguten gonbidapena eta oso pozik eman genuen baiezkoa. Taldea ezagutaraztea oso garrantzitsua da guretzat”. Txalaparta eta bertsoekin emango diote hasiera txupinazoaren aurreko ekitaldiari. Pregoiaren txanda iritsiko da gero, “Susana Carreterok eta Pui Lekunberrik irakurriko dute pregoia, euskaraz eta gaztelaniaz. Arrazoi ezberdinengatik herrian ez daudenekin gogoratuko gara: gaixo daudenekin, zoritxarrez erail egin dituztenekin edo espetxeetan daudenekin. Herrian dauden herritarrei festa zoriontsuak igarotzeko nahia luzatuko diegu”. Suziria Begoña Valenziagak jaurtiko du, “taldeko helduena delako erabaki dugu berak jaurtitzea. Adinez helduena izanagatik, ordea, izpiritu gaztea du Begoñak”. Txupinazoaren ondoren, aurten eraildako emakume bakoitzaren omenez globo gorri bana jaurtiko dute, “eta erailketa gehiagorik gerta ez dadin, segidan globo txuriak botako ditugu”. Hutsunea betez taldeko kideak egin berri dituzten kamisetak jantzita aterako dira udaletxeko balkoira. Uztailaren 24an, arratsaldeko 18:00etan, herritar guztiak txupinazoan parte hartzera gonbidatuta daude.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!