Euskal jaia, hirugarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:46

Oinkari dantza taldeko kideek hirugarren urtez antolatuko dute Euskal jaia aurten. Uztailaren 26an izango da, larunbatarekin, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Oinkari dantza taldeko arduradun Eneko Arteagak, aurtengoan, orain arte Euskal jaiak izan duen egitaraurik potoloena izango duela adierazi du, “berrikuntza bezala, zanpantzarren kalejirarekin emango zaio hasiera jaiari”. Betiko legez, sagardo eta pintxo dastaketa izango da gero, herriko elkarteek eta Oinkari dantza taldeak bideratuko dutena, “elkarteek sagardoa banatzen lagunduko dute eta pintxoak prestatu eta banatzen dantza taldeko kideak arituko gara”. Berrikuntza nagusia Tarragonako Colla Vella Castells taldeak ekarriko du dastaketaren ondoren, “Euskal jaikoa ez ezik, nire ustez, Santiotako emanaldirik ikusgarriena Colla Vella Castells taldeak eskainiko du”. Hiru autobuska, 150 pertsona etorriko dira giza-dorreak egitera, “ordu eta laurdeneko emanaldia eskainiko dute. Bederatzi solairuko dorrea egitea zaila izango da baina, zortzi solairukoa egingo dutela ziurtatu digute dagoeneko. Larunbatean Villabonan aritu eta gero, Astigarragan izango dira biharamunean”.

Zikiroa beharrean, bildotsa aurten
Aurreko bi urteetan zikiroa izan da afariko plater nagusia. Bildotsa izango da aurtengoa.
“Aurten erretzailea aldatu egin denez, berak bildotsa ekarriko duela esan digu, eta ondorioz, zikiroa beharrean, bildots-jatea izango da. Zaporez apenas omen duten alderik”. Jakina, plater nagusiaren aurreko afari-sarrerak eta ondorengo postrea ere ez dira faltako menuan. Iaz 500 herritar bildu zen zikiro-jatera. Aurten estimazio altuagoa egin dute dantza taldeko kideek, “600 pertsona inguru espero dugu. Afaltiarren kopuru igoera hori Tarragonako taldea kontuan hartuta egiten dugu”. Txartelen salneurria iaztik 5 euro garestitu da, “25 euro balioko du afarirako txartelak. 5 euroko garestitzea kostuak berak eskatu du”.

Sarrerak dagoeneko salgai daude: Amasa, Kixubi, Larrea, Labezain eta Ogi-Goxo okindegietan. Shepherds, Iturrigoxo, Itzalpe, Arnasa eta O’baba tabernetan. Garmendia harategian.

Tapia eta Leturia, bakarka
Pintxo eta sagardo dastaketaren garaian Tapia eta Leturiak emanaldia berezia eskainiko dute. “Garai batean bezala, bikote moduan arituko dira: trikitia eta panderoa hartuta, talderik gabe. Halaxe eskatu diegu eta onartu egin dute. Afalondoan, talde osoarekin batera arituko dira”. Ohi denez, leloa ere izango du erromeri festak. “Urtero jaiari leloa jartzea gustatzen zaigu eta aurtengoa Erromeri giroan, euskara ahoan izango da. Erromeri giroari garrantzia handia ematen diogu baina, bide batez, euskara bultzatzea da gure asmoa”. Dantzarako, festarako eta ondo pasatzeko gonbitea egina dago, eta noski, parte hartzeko deia luzatzen dute aurten ere Oinkariko kideek, aurreko urteetan bezalaxe, herritarrei plazara erromeriako arropak jantzita gerturatzeko gonbidapena eginez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!