Inudeak eta Artzainak, kalez kale

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:45

Uztailaren 27an, igandearekin, Inude eta Artzainen konpartsa ibiliko da herriko kaleetan barrena. Oinkari dantza taldeak antolatu du egun osoko festa herrikoia.

Lauzpabost urtetako tartea eta gero, aurtengo Santioetan berriro berreskuratu da konpartsa herrikoia. “Udalak konpartsa antolatzeko gogoa erakusten zuen, herri giroa bultzatzeko ekintza ezin hobea baita”, azaldu du Eneko Arteagak. Herri giroa sustatze aldera, beraz, Inude eta Artzainak kalez kale ibiliko dira uztailaren 27an. “Lehen Santana egunez izaten zen beti konpartsa herrikoia. Aurten larunbatarekin egokitu da Santana eta zalantza sortu zitzaigun. Baina azken urteetan errotu den Euskal jaia egun horretan mantentzea garrantzitsua zela uste genuenez, konpartsa igandera aldatzea erabaki genuen. Gainera, igandean izanda, herritarrek parte hartzeko aukera hobea izango zutela konturatu ginen”.

148 dantzari
Adin ezberdineko 148 dantzari biltzen da astelehenero Txermingo ikastolako ganbaran konpartsako pausoak entseatzeko: kalejirak, zortzikoa, zubiak, fandango eta arin-arinak… Oinkari dantza taldeko kideak oso pozik daude ekimenak izan duen erantzunarekin eta sorpresa hartu dutela adierazi du Eneko Arteagak, “neska eta mutil, dantzarako bikotea lotuta gerturatu da hasieratik jende asko. Gu hasi ginen garaian lotsatiagoak-edo ginen. Bikoteak entseguetan osatzen ziren”. Dantzari gazteak eta helduak dira nagusi aurtengo konpartsan, “erdiko belaunaldia erdi-bidean geratu da. Normala denez, adin tarte horretan egon da hutsunerik handiena”. Dantzan ez zekien herritar dezente animatu da izena ematera, “fandangoa eta arin-arina dantzatzen ez zekien jendea, esaterako, asko saiatu da. Larunbatetan etorrita, ahalegin berezia egin dute pausoak ikasteko. Gogo hori ikusita, oso gustura gaude gu”. Entseguetan ere giro ona nagusitu da, “beti egoten da tentsio-uneren bat baina, entseguak oso ondo atera direla uste dut. Ez zait batere gogorra egin saioak ematea, gustura aritu naiz”, azaldu du Eneko Arteagak.

Pertsonaiak eta danbor-joleak
Dantzariak Inude eta Artzainen konpartsako alderdi garrantzitsua dira baina, ez bakarra. Musikaren erritmoa danbor eta barriken hotsak markatzen du eta dagoeneko, ia bi hilabetez 50 herritar inguru Agustin Laskurainen zuzendaritzapean danborra edo barrika jotzera elkartzen da. Pertsonaiek ere garrantzia berezia dute konpartsan, garai bateko bizimoduaren isla baitira. Besteak beste, garai bateko alkatea, mikeleteak, apaiza, monagilloak edo sendagileak irudikatuko dira eta baita antzinako bestelako ohiko lanbideak ere. Dantzari, pertsonaia eta danbor-joleen artean, 300 partaide inguru bilduko da guztira Inude eta Artzainen konpartsa herrikoian.

Egun guztian zehar
Goizeko 11:00tan Txermingo ikastolatik kalejiran aterako dira konpartsako kideak. Bi orduz kalez kale ibili ondoren, Txermingo ikastola azpiko aterpean bilduko dira bazkaltzera. Arratsaldean, 17:30ak inguruan, Txermindik plazara kalejiran joan eta 18:00etan dantza emanaldia eskainiko dute Errebote plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!