Iñaki Lizaso, jaietan buru-belarri

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:43

Behar-Zana pilota eskolako kide da Iñaki Lizaso eta herriko tradizioari eutsiz, txapelketa bat baino gehiago antolatu dute festetan. Oinkari dantza taldeko ekintzetan nahiz xiba txapelketan ere parte hartuko du.

Badatoz Santioak…, gogotsu?
Gogoz bai baina, tentsio pixka bat ere badut; antolatutako ekintzak ondo aterako ote diren…

Festa batzordean parte hartu duzu. Zer moduz joan dira antolaketa lanak?
Kanpoan ikasten aritu nintzenez, ez nuen aurreko urteetako batzordeetan parte hartu. Aurtengo lanak, oro har, ondo joan dira; nahiz eta ezin dudan aurreko urtekoekin alderatu.

Pilota eskolako kide zara. Besteak beste, eskuz, palaz eta frontenis txapelketa jarri duzue martxan. Zer nolako erantzuna izan du?
Herritarren aldetik erantzuna ona izan da eta gustura geratu gara. Eskuz, iazko parte hartzaileen kopurua bikoiztu egin da. Palaz beherakada izan da baina, ez Villabonan bakarrik; baita beste herrietan ere. Palan aritu beharrean, frontenisean aritzen da jende asko: aurtengo txapelketan 13 pertsonak eman du izena frontenisean.
Uztailaren 24an, 16:30etan hasita, frontenis eta eskuz federatugabeen txapelketaren finala jokatuko da Olaederrako pilotaleku berrian. Uztailaren 25ean, berriz, eskuz eta palaz binakako finalak 12:00etatik aurrera.

Jaietan zein antolaketa lanetan hartuko duzu parte?
Egitaraua bete-bete daukadanez, indarrez hasi beharko dut. Pilota eskolako kide izateaz gain, dantza taldeko kide ere banaiz. 25ean goizez pilota partida eta arratsaldez Dantza-sokan hartuko dut parte, 26an euskal jaia antolatzen arituko naiz, 27an konpartsan, 29an Oinkariko dantza emanaldia dugu, 30ean koadrilen eguna…
Aurten, 31ko herri kiroletan berrikuntza izango da. Amasa-Villabonak Xiba taldea aterako du eta Asteasuren aurka lehiatuko da. Hor ere parte hartuko dut…
Zer moduz uztartzen dira lana eta parranda jaietan?
Bateragarriak dira. Antolakuntza jaien aurretik egiten da eta egunerako, lotuta izaten da egin beharrekoa. Lo gehiago edo gutxiago eginda baina, aurrez egin beharreko lana bukatuta izaten da. Ondo, beraz.

Zer behar da herriko jaiak onak izateko?
Jendearen parte hartzea oso garrantzitsua da. Nire ustez, ez genuke eguneko jaia baztertu eta gauekora bakarrik mugatu behar. Gauez, plaza giroa eta tabernakoa, biak gustatzen zaizkit. Baina egunez ere parte hartzeko ekintza erakargarri ugari dago: konpartsa, kirol ekitaldiak... Adin eta gustu ezberdinetara egokitu da jai egitaraua. Garai bateko koadrilen gaueko parodietan oso giro ona sortzen zen eta aurrera begira, horrelako ekintzak berreskuratzea garrantzitsua iruditzen zait; herri giroko ekintzak, festetan guztiak ez baitu profesionala izan behar.

Eguna ala gaua, bat aukeratzekotan?
Egunez hasi eta gaua luzatzean amaitu.

Jaietan jateko? Eta edateko?
Lagun giro onean bada, kale bazterrean jandako edozein bokadillorekin konformatzen naiz. Edateko, sagardoarekin hasi, kalimotxoarekin jarraitu eta kubatekin amaitu.

Parrandarako konpainiarik onena?
Nire giroko beste norbait. Saltsa, dantza…, txoroarena egitea gustatzen zait pixka bat. Ondo pasatzeko, nire tankerako beste norbait aurkitu behar.

Mezuren bat herritarrei?
Ekintzetan parte hartzera anima daitezela. Eta hurrengo urtera begira, ager daitezela festa batzordeetara. Hurbil daitezela pixka bat gehiago, dena ez baita barandaren atzean jarri eta begiratzea: sar daitezela barrura!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!