Kale inkesta, Santio jaien inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:41

Santio jaiak iristear daudela, herritarrak jaietarako gogoz agertu dira. Jarraian lau villabonatarren Santiotako egunik eta ekintzarik gogokoenak.

1 Herriko jaiak bereziak al dira zuretzat? Jai izaten/hartzen al duzu?

2 Santiotako egunik gogokoena?

3 Inolaz ere galtzen ez duzun ekintza? 

 

Beñat Esnaola

  • 1.-    Santioak jai bereziak dira niretzat, herrikoak direlako. Azken urte hauetan lana izaten dut gehienetan. Jai hartzekotan, Koadrilen egunean hartzen dut. 25 eta 31 jai izaten direnez, hiru egun behintzat izaten ditut. Nahikoa.
  • 2.-    Koadrilen eguna iruditzen zait bereziena, jende asko elkartzen garelako. Konpartsa eguna ere gustuko dut. Oro har, herritar asko biltzen garen ekintzak gustatzen zaizkit gehien. Egun guztiko festak, koadrila ezberdinak batera ibiltzen garenak. Egunean zehar ere festa-giroa izatea gauean bakarrik izatea baino nahiago dut. Modu horretan, goizean hasi eta nekatu arte luzatzeko aukera izaten da.
  • 3.-    Koadrilen bazkaria, dudarik gabe. Mus txapelketa ere gustuko dut, azken urteetan askotan parte hartu ez badut ere. Dantza emanaldiak ikustea edo dantzatzen parte hartzea ere gustatzen zait eta, futbol eta pilota txapelketen finalak ere bai.
Elisabet Zubeldia

  • 1.-    Oporretan nago eta gogo handia daukat Santioak iristeko. Herriko jaiak bereziak dira baina, Zizurkilgoak ere gustatzen zaizkit. Gertuko herrietako festetan parte hartzeko aukera gehiago izaten da beti.
  • 2.-    Lehenengo eguna asko gustatzen zait, jendea gogoz egoten denez, ondo pasatzen delako. Koadrilen eguna ere asko gustatzen zait. Oso giro polita sortzen da bazkarian eta txarangarekin egiten den kalejiran. Villabonako jaiak luzeak dira eta egitaraua betea izaten da. Festa onak iruditzen zaizkit. Eguneko ekintzetan hartzen dut parte. Oraindik ez dugu gaueko dantzaldietan parte hartzen. Aurten pixka bat, igual.
  • 3.-    Asko gustatzen zait urtero antolatzen den kros herrikoia. Bi urtetan atera izan naiz korrika. Aurten ez dakit aterako naizen edo ez. Barrakak jartzen hasten diren garaia ere gustatzen zait. Autotxoketan ibiltzen gara batez ere.  
Nerea Eizmendi

  • 1.-    Gustura hartzen ditut herriko festak. Lanean ez dugu oporrik izaten baina, tartean jai-egunak izaten direnez, ondo moldatzen naiz.
  • 2.-    Lehenengo eguna asko gustatzen zait. Azken urtetan, txupinazoari indarra eman zaio eta herri afarian giro polita sortzen da. Hurrengo eguna jai izaten denez, jendea gogoz ateratzen da kalera. Kontzertuen gaua ere gustatzen zait, giro ona sortzen da.  Egunik gogokoena, noski, Koadrilen eguna: jende asko elkartzen gara eta gehienetan eguraldi ona izaten denez, Etxe-Ondon nahiz ondoren, oso giro ona sortzen da. Egun polita izaten da.
  • 3.-    Futbol txapelketaren finala ikustea gustatzen zait, baita kale antzerkia ere. Lehen bakailao txapelketan hartzen genuen parte eta onak ginen gainera! Azken eguneko erroskilaren errausketaren ondorengo parodia urtetik urtera hobetzen ari da. Iazkoa oso ona izan zen.
Estanis Iriarte

  • 1.-    Izatez lasartearra naiz eta hango jaietara gehiago jotzen dudan arren, Villabonakoak ere gustuko ditut. Jai guztiak gustatzen zaizkit niri. Aurten oporrak ditut eta ederki; gainerakoan, asteburuetan soilik tokatzen baitzaizkit.
  • 2.-    Oso gustukoa dut Euskal Jaia. Arratsaldean pintxo eta sagardo dastaketa, gauean afaldu eta parrandatxoa gero. Oso giro polita sortzen da. Dantzarien emanaldiak ikustea ere asko gustatzen zait, Oinkarirena esaterako.
  • 3.-    Garai batean oso gustuko nuen kontzertuen gaua. Laneko ordutegiekin moldatzen saiatzen nintzen. Aurten Etsaiak taldea omen dator eta nik etxean izango ditut “etsai txikiak”. Egunez ibiliko naiz gehiago baina, gauren batean ere… Festak hain luzeak izateak aukera egiteko modua eskaintzen du. Niretzat luzetxoak dira baina, beste batzuentzat motzak seguru. Bakoitzak nahi duena bilatu behar du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!