Jaiak, haurrentzat ere bai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko uzt. 17a, 11:38

Santioek iraungo duten zazpi egunetan zehar, haurrek egunero izango dute ondo pasatzeko aukeraren bat. Haur eta gaztetxoenei zuzenduta, ekintza ugari izango da aurtengo jaietan ere.

Ohi denez, erraldoi eta buruhandiek ez dute Santio jaietan hutsik egingo. Uztailaren 24, 26, 27 eta 30ean Errebote plazatik abiatuko dira Loatzo musika eskolako musikariekin batera. Haur eta gaztetxoek buruhandien maskurietatik ihes egiteko arin egin beharko dute korrika. Villabonako besamotzaren eta emakume baserritarraren erraldoiek, berriz, musikarien erritmoan egingo dute dantza.

LAGUNEKIN BARATZEAN
Jolas parkeak, emanaldiak, sokamuturra…, eskaintza zabalaren artean, uztailaren 28an, drogen menpekotasunaren aurka, “Lagunekin baratzean” txotxongilo emanaldia eskainiko du Bihar taldeak Errebote plazan 11:00tan. Protagonistak oihalez eginiko barazki itxurako panpinak izango dira.

BASERRIAN
Besteak beste, uztailaren 29an, 12:00etatik aurrera, Kulki taldearen eskutik, “Baserrian” emanaldian parte hartzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek Arroako plazan. 3 urtetik 12 urte bitarteko neska-mutilei baserriaren inguruko jolasak zuzenduko zaizkie. Aukera zabala: lasto altxaketa, laia lasterketa, soka-muturra, hankapaloak, toka, lokotx bilketa, orga jokoa, ahari talka kulunka, pitipoteak, txingak, kirrinka edo esku-orga. Hori
guztia, abestiak eta dantza baztertu gabe.

Haur eta gazteek, ondo pasatzeaz gain, baserriaren arlo ezberdinak ezagutu, praktikatu eta baloratzea da emanaldiaren helburua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!